Kapela Eguna ospatuko dau Bilboko Konparsak erakundeak

Bizkaie! 2022-04-13 08:08   Pil-pilean

Maiatzaren 14an izango da.

Bilboko Konparsak taldeak hainbat ekimen atondu ditu datorren Aste Nagusirako ehun egun faltako diranean, tartean maiatzaren 14an bilbotar danantzako Kapela Eguna. Jai edegi horren bidez, bilbotarrei Aste Nagusirako motorrak biztuten lagundu nahi deutse konparsek, azken urte biotan jazotako ezohiko egoereari bueltea emoteko asmoz.

Konparsek Kapela Egunaren kartela erakutsi eta bilbotar danak konbidau ditue gurago daben kapela jantzita, bertaratu eta gozetako. 

Egitarauari jagokonez, goizean, Kapela Tour atondu dabe, udaletxetik etorriko dan ibilbidean parte hartu deien. Goiz osoan zehar, 11:00etatik 14:00etara, Kapela-azokea izango da Plaza Barrian eta leku berean atondu ditue txapelgintza tailerra, 11:00etan; eta Kapela Lehiaketea, 12:00etatik 13:00era; sariak emongo dira ondoren. Bitartean, jantza-plaza izango da. 14:00etan, barriz, kalejiran ibiliko dira fanfarreagaz Zazpi Kaleak girotzeko eta, arratsaldean, Kapela-poteo musikatua izango da Unamuno Plazan hasita. Amaitzeko, 19:30ean, kapeladun Bilbo Kantari berezia izango da, Burtsa Eraikinean hasita.

Azkenik, Nerea Matutek eta Ioritz Varonak nabarmendu dabe egun osoko egitaraua atondu dabela Zazpi Kaleetan eta inguruetan: Konparsok gogotsu gagoz eta parte hartzeko gonbita luzatzen deutsuegu bilbotar guztioi, zuen koadrilla edo familian Kapela jantzita: Hartu etxean eukiko dozuen kapela, txapel edo txanoren bat, edo erosi aspaldi gogoan dizuen hori eta animau zaiteze ospatzera Aste Nagusirako 100 egun bakarrik falta dirala.

 



 


Joan dan zezeilean konparsek aurreratutako barrea, poztasuna eta jaiak berreskuratzeko urtea dala eta 2022an Nagusia* egingo dabela, Aste Nagusirik barik urte bi emon ostean. Holan, kontziente dira Bilbo osoa eta uniberso erdia itxaroten dagozala Aste Nagusia, urteko ospakizunik nagusiena eta parte-hartzea erraztu nahi dabe. Abuztuaren 20tik 28ra izango da Mari Jaiaren errepublika librea eta, beraz, lurreko paradisu autogestionau horretarako 100 egunen atzerako kontaketea maiatzaren 12an hasiko da. 

Aste Nagusia benetan Nagusia egiteko lanean dabiz konparsak, Bilboko Jai Batzorde Mistoaren barruan, bilbotar ugarik eta makina bat eragilek lagunduta, ahalik eta egitaraurik osoena eta seguruena osotzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu