Liburu bat eta Enkarterriko Museoko erakusketea batu jakoz 'Lantegietako emakumeak' proiektuari
2022-04-12 13:53 KultureaLantegietako Emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika izenekoa da erakusketea.
Erakusketea urtea amaitu arte egongo da zabalik Enkarterriko Museoan. Orain arte lau aste egin ditu Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko Bilboko Erakusketa Aretoan. Erakusketea Enkarterriko Museoaren Lantegietako emakumeak proiektuaren bigarren fasearen barruan dago eta Bizkaiko industrian emakumeek bete eben leku garrantzitsua nabarmenduko dau. Museoak erakusketearen izenburu bereko liburua be argitaratu dau Javier Barriok idatzitakoa. Liburu horren aurkezpena be gaur egin da. Industria-munduko protagonistak gizonezkoak baino izan ziralako ustea ustela dala frogatzen dau liburuan jasotakoak.
Erakusketeak eta liburuak autormena egiten deutsee gizaldi eta erdi baino gehiagotan (XIX. gizaldiaren erdialdetik XX. gizaldiaren amaierara arte) herrialdeko industrializazinoan leku garrantzitsua bete eben Bizkaiko emakume guztiei. Erakusketan Enkarterriko 11 lantegitako erretratu, ilustrazino, produktu eta makinak dagoz, lantegiok gaur egun desagertuta dagozan arren. Euskadiko eskualde industrializatuenetakoa zan eta lantegi horreetan emakumezkoek protagonismo handia eben. Ehundaka lantegi, tailer eta industriagune edegi ziran urteetan Cadagua ibarreko udalerrietan. Erakusketan honeek agertzen dira: La Papelera, Lacabex Hermanos, Plaza Hermanos, Antonio Serrano y Plomos (lauak Zallan), La Encartada, Manufacturas Rodet y fábrica de Muebles (Balmaseda), Garsa (Gordexola), La Conchita (Sodupe) eta Rica Hermanos (Alonsotegi). Horreetan milaka emakume langilek egin eben behar. Lantegi batzuetan, emakumeak izan ziranbeharginen gehiengoa.
Sopuertan, Abellanedan kokatutako Enkarterriko Museoko erakusketeak, alde batetik, garai haretako egoera ekonomiko gogorra erakusten dau eta, bestetik, eskualdeko industria-egiturea. Egitura hori ez zan siderurgian bakarrik oinarritu, papela, kajak, espartzuzko zakuak, erreteko papela, altzariak, txapelak eta hestebeteak be baegozan Enkarterriko produkzino-egituran. Ehun erretratu zahar baino gehiago dira erakusketearen arimea, XIX. gizaldiaren amaieratik XX. gizaldiko 70-80ko hamarkadara bitartekoak, gehienak eskualdeko emakumezkoek eta hainbat kultur erakundek lagatakoak, azken horreen artean La Encartada fabrika-museoa be badago. Erretratuen bidez bisitaria industria-giro horretara eroateko espazioa atondu da eta Aline Soberonen hamaika ilustrazinogaz osotu da, lantegiotan behar egiten eben emakumezkoen irudiakaz.
Erakusketan industriako hainbat pieza be badagoz, interes handikoak, horreen artean altzari tailer baten parte izandako XX. gizaldi hasierako hiru makina handi. Makina horreek (La Universal, Tupí eta Desgrosadora) Alberto Mardonesek laga ditu eta Balmasedako tailerretan mende bat baino luzaroago erabili izan ziran makinen adibide bikainak dira. Horreekaz batera, produzidutako piezak eta konserbau diran dokumentuak dagoz: Antonio Serranoren Fábrica de Papel de Fumar lantegiko XIX. eta XX. gizaldiko beharginen zerrendak edo Papelera Españolako ikasketa-liburuak.
Cadagua ibaian zehar instalautako enpresek merkaduan erantzun bikaina izan eben objektu eta produktu ugari produzidu zituen eta erakusketan horeetariko batzuk dagoz: 1950eko hamarkadan Plaza Hermanosek erropea lisututeko egindako plantxak, Zallako tailer handi bateko zenbait etxetresna elektriko —emakumezko askok egiten eben lan hor—, eta beste elementu sinpleago batzuk baina oso ezagunak, horreen artean “El Elefante” komuneko papela. Bitxia bada be, oraindino hainbat lekutan konserbau egin da papel hori. Laneko fitxak, laneko jantziak eta Rica eta La Conchita harigintzako elementuak be jasoten dira erakusketan.
Bideoak eta liburua
Lantegietako emakumeak proiektua ikus-entzunezko bigaz osotzen da, ikerketa-prozesuan zehar batutako lekukotasunak batzen dituenak. Danetara, hogeta hamar personari esker (gehienak emakumezkoak) Enkarterriko Museoak aukerea izan dau lantegi horreen funtzionamentuan, bizimoduan eta lan-baldintzetan sakontzeko.
Erakusketearen izena bera, Lantegietako Emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika, dauen argitalpenean be agertutako lan horrek beste zehetasun batzuk emoten ditu. Behargin horreek dinoskuenari esker, gugana heldu dira industria horreen antolaketea eta garaiko bizi-testuingurua ardatz daben alderdi personalak eta lanekoak. Erakusketan, lau minutuko ikus-entzunezko film labur bitan jasota dagoz emakume horreetariko batzuen berbak.
Ikerketa lan guztia Lantegietako Emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika liburura batu da. Javier Barrio egileak banan-banan zehaztu dau 111 lantegiotako bakotxean emakumezko beharginek beteten eben lekua. Horretarako, testigantzak eta dokumentuak batu ditu; batutakoaren arabera, argi ikusten da emakume guztiek zenbaterainoko garrantzia izan eben Bizkaiko lantegietan eta, ondorioz, Bizkaiko ekonomiaren garapenean. Lanak bertan behera ixten dau sendo errotuta dagoan aurreretxi bat, ez ziralako gizonezkoak izan industria-munduaren protagonista bakarrak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!