Herritarrek Getxophotora bialdutako argazkiak Algortan ikusiko dira bagilean

Bizkaie! 2022-04-12 13:29   Kulturea

Bertako dendetako erakusleihoetan ipiniko ditue.

'La habitaciĆ³n de hotel', Esperanza M Velmock (argazkia: Getxophoto/Esperanza M Velmock) | Ikusi handiago | Argazki originala

Herri partaidetzarako deialdia egin eban 2022ko Getxophotok, eta nahi izan daben guztiek euren argazkiak bialdu ahal izan ditue, aurtengo goiburu edo gai nagusia oinarri, Imajinau. Deiak erantzun zabala izan dau, 130 bat erretratu heldu jakezelako antolatzaileei. Horreetako batzuk Algortako denda eta establezimenduetako erakusleihoetan ikusi ahal izango dira bagilean.

Bertoko jente askok bialdu ditu argazkiak herri partaidetzako deialdiari erantzunez, baina kanpoko proposamenak be ez dira gitxi izan. Besteak beste, Argentina, Australia, Kanada, Iran eta Venezuelako erretratuak heldu dira, baita Europako herrialde ugaritakoak be. Estilo eta ikuspegiaren aldetik, danetarikoak dagoz, guzti-guztiek Imajinau gaia oinarrian daben arren.

Algortako Dendak alkarteagaz lankidetzan, Getxophotok 37 aukeratu ditu bagilean bertako erakusleihoetan erakusteko. Gidea argitaratuko dabe, argazki bakotxa ze saltokitan dagoan jakiteko. Gogoan izan behar da, Getxophoto bera be, bagilean egingo dala, orain arte ohikoa izan dan iraila alboratuta.

Ganera, getxoztarrek bialdutako argazki guztien artean irabazlea be aukeratu dabe Algortako dendariek, Dora Diez Burzakoren Zuk hala uste baduzu bakarrik izenburuduna hain zuzen. Alkarteko kide diran dendetan erabilteko 100 euroko bonoa emon deutse.

Bagilaren 2an hasiko da 2022ko Getxophoto, eta pixkanaka egitarauaren beste zertzelada batzuk be emoten hasi dira antolatzaileak. Hitzordu deigarrien artean aitatu leiteke Ezinezko Estazino Metereologikoa izeneko jarduerea. Eguraldiaren datuak bialtzen dituen sateliteen transmisinoak hartuko ditue Getxotik eta, horreek deskodetuta, irudi bereziak sortu.

LOB (Lagun Onenak Betiko) topaketea be hartuko dau Getxok, jaialdiaren barruan. Espainiako argazkigintza eskoletako ikasleak batuko dira hor Bilboko beste 40 ikaslegaz, alkarlana bultzatu eta danen artean sorkuntzarako sareak josteko.

2022ko Getxophotoko jarduera gehiago ezagutzeko, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu