Uraren zikloa ezagutzeko jokoa dakarre Ur Partzuergoak eta Itsasmuseumek

Bizkaie! 2022-04-12 09:05   Kulturea

Galdera-erantzun errazen bidez, gaztetxuek hobeto ezagutuko dabe uraren ibilbidea.

Jon Ruigomez eta Pedro Barreiro (argazkia: Itsasmuseum) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ingurumena, garapen jasangarria eta geure inguruko azpiegiturak ezagutzeko modua emoten dauen jokoa diseinau eta aurkeztu dabe Bilbo-Bizkaia Ur Partzuergoak eta Itsasmuseumek, batez be ikastetxeetako umeei zuzendua, modu dibertigarrian uraren zikloa ezagutu deien, adibidez, urian urak izaten dauen tratamendua.

Bilboko Itsasmuseumen bertan aurkeztu dabe joko barria Ur Partzuergoko gerente Pedro Barreirok eta museoko zuzendari Jon Ruigomezek. Emon dituen azalpenen arabera, oinarrian galdera-erantzunen karta-jokoa da honako hau, eta jakingarriak emoten ditu ur-bilketeaz, etxe zein industrietako ur hornikuntzeaz eta ur zikinak batu eta trateteaz.

Kartetan, marrazki eta definizinoen bidez, modu errazean ikasi leitekez ur hornidureari eta saneamenduari buruzko hainbat kontzeptu. Danetara, 40 karta eta 150 galdera dakarz jokoak. Uraren prozesuan erabilten diran berbak (urtegi, iturburu, biltegi, ekaitz-tanga...) ezagutuko ditue gaztetxuek, baita kostaldearen, itsasadarraren eta Ur Partzuergoaren instalazinoen inguruko datuak be. 

Itsasmuseumeko zuzendari Jon Ruigomezek nabarmendu dauenez, gure museoak Bizkaiko kulturea eta itsasoko historia modu didaktikoan zabaltzeko misinoa dau, eta Ur Partzuergoagaz egindako lankidetza barri hau modu natural eta estrategikoan sortu da, jasangarritasunaren eta uraren inguruko kontzientziazinoagaz konpromiso sendoa eta komunidadearen zerbitzura egoteko bokazino argia daben erakunde biren artean.

Ur Partzuergoko gerente Pedro Barreirok, bestetik, dibulgazinoa eta hezkuntzea erakundearen zereginen artean dagozala azaldu dau. Hortaz, joko barri hau atontzeaz gan, Ur Partzuergoaren instalazinoetara bisita gidatuak egiten hasi dirala aitatu dau. Ume, familia zein bestelako publikoarentzat aproposak dira.

Bisitak astelehenetik barikura egiten dira, eskola-orduetan. Gaur egun, honeek bisitau leitekez: Beteluriko (Arrigorriaga) eta Garaizarko (Iurreta) edateko uren tratamendutegiak; Galindo (Sestao), Lekeitio, Ondarroa eta Arriandiko (Iurreta) hondakin-uren araztegiak; Unibersidadeko sifoia (Bilbo), Etxebarriko eta Santurtziko ekatx-andela eta Undurragako urtegia (Zeanuri).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu