Orhan Pamuk-ek 'Las noches de la peste' aurkeztuko dau Bilbon

Bizkaie! 2022-04-11 12:19   Kulturea

Hitzordua, apirilaren 18an, 19:00retan hasiko da.

Orhan Pamukek, 2006ko Literaturako Nobel saridunak, bere azken eleberria Las noches de la peste (Literatura Random House, 2022) aurkeztuko dau Azkuna Zentroan apirilaren 18an. Iraganeko pandemiei buruzko ikerketea da. Apirilaren 18an, Zentroko Auditorioan izango da aurkezpena, Idoia Jauregi kazetariagaz berba eginez.

Topaketan, azken lanaren sormen prozesua izango dau berbagai, biziraupen eta borroka-istorio horretan, protagonistek aurre egin behar baiteutse berrogeialdiaren debekuei eta ezegonkortasun politikoari: giro itogarriko kontakizun epiko liluragarri bat, matxinada eta hilketea batera agertzen baitira askatasun-pasinoagaz, amodioagaz eta ekintza heroikoak tarteko.

2016an hasi zan idazten eta pandemia betean amaitu eban eleberri barria, Orhan Pamukek mende nahasi baten hasierara eta izurri bubonikoa oraindino mehatxu bildurgarria dan mundu batera eroan ditu irakurleak, joana birsortzen dauen kontakizun baten bidez, medikuntzea, epidemiei buruzko literaturea eta historia lako erreferentzia eta iturriez horniduta.

Hitzordua, 19:00retan hasiko da eta Gutun Zuria Bilbao Azkuna Zentroko Nazinoarteko Letren Jaialdian kokatzen da. Sarrerak libre izango dira azkunazentroa.eus-en izena emon ondoren.

Orhan Pamuk

Orhan Pamuk Istanbulen (Turkia) jaio zan 1952an. 2006ko Literaturako Nobel Saria jaso eban, arkitektura eta kazetaritza ikasketak egin zituan eta denporaldi luzeak emon ditu AEBetan, Iowako eta Columbiako unibersidadeetan.

Cevdet Bey e hijos, La casa del silencio, El castillo blanco, El libro negro, La vida nueva, Me llamo Rojo, Nieve, El museo de la inocencia, Una sensación extraña eta La mujer del pelo rojo eleberrien autorea da, baita Estambul. Ciudad y recuerdos eta La maleta de mi padre ez-fikziozko bolumenen egilea be eta Otros colores saiakeren bildumenarena. John Updikek El astrólogo y el sultán izeneko bere eleberriari eskainitako laudorioen ondorioz lortu eban erantzun bikaina mundu mailan. Ordutik, nazioarteko hainbat sari jaso ditu, hala nola Frantziako Atzerriko Liburu Onenaren Saria, Italiako Grinzane Cavour Saria eta Dublingo Nazioarteko IMPAC Saria Me llamo Rojo liburuagatik. 2006an Prix Médicis Étranger saria jaso zuen Nieve eleberriaren argitalpenarekin, Orhan Pamuk Turkiako prentsa nazionalistaren erasoen helburu kuttun bihurtu zen. 2006an Literaturako Nobel saria lortu ondoren, bere nazioarteko proiekzioa behin betiko sendotu zen, eta bere liburuak hirurogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu