Nytia Lopez: 'Ninjababy' filmaren Euskadiko estreinaldia eskainiko dogu'
2022-04-19 07:55 BarriketanTracking Bilbaoko kidea.
X. Tracking Bilbao, apirilaren 24tik 27ra izango da Bilbon eta aurten, barrikuntzea da, BBK Salan eskainiko dituela ekitaldi guztiak.
Kartela Dave Leonek egin dau eta egitarau osoa be iragarri dabe. Tracking Bilbaoren 10 urte erakusketea zabalik dago apirilaren 27ra arte eta gaur arteko edizinoetan jaialdiak arte grafikoen arloan egindako ibilbidea dago ikusgai. Tracking Bilbaoren 10. edizinoan egingo diran jarduerak eta enparauen gainekoak azalduko deuskuz Nytia Lopez Saituak.
Informazino gehiago hemen.
1.- Zorionak 10. urtebetetzean. Kulturea eta internet buztartzen ditu Tracking jaialdiak eta pozik egongo zarie pandemiak eraginda geldi egotea tokau jakulako aurreko urteetan...
Bai, eskerrik asko. Pandemiak gogor jo dau kultura arloa eta burukominak sekulakoak izan dira danontzako baina gure kasuan era presentzialean egin doguz gauzak, aforoaren murrizketak, maskarea erabili beharra, garbitasuna eta holakoak gogoan hartuta, streaming bidez eta ibili gara eta jentearen erantzuna ona izan da. Pandemia betean hirugarren edizinoa da X. hau eta atontzaileok nahikoa pozik gagoz.
2.- Hamar urteko ibilbidean ze mugarri nabarmenduko zeunke?
Internet eta kulturea buztartzen ditu Tracking-ek eta urtetik urtera publikoaren erantzuna hobea izaten da. Interneten euren ekarpenak edo lanak jarten dituen egileak edo artistak izaten dira gurean eta bisitariek asko eskertzen dabe. Plataformak be hor dagoz, berbarako twitch eta horreek jentearen gustokoak dira, sortzaileek erabilitako bideak publikoagaz bat egiteko eta podcastak be nabarmenduko neukez, kulturea konsumiduteko erak edo bideak aldatu egin dira eta lehen irratia entzuten bagendun orain beste bide batzuk dagoz, telebistako programak programautako orduan ikusi ezin dauenarentzako aukerak be nabarmen zabaldu dira.
3.- Caostica, film labur eta bideoklipen nazinoateko jaialdiagaz ze lotura dozue?
Caostica da alkartearen izena eta horrek atontzen ditu bagilean izaten dan Caostica, film labur eta bideoklipen nazinoarteko jaialdia, Tracking Bilbao internet eta kulturea buztartzen dituana eta hirugarrena, barriz, Gizazinea, zinema soziala eta beste diziplin artistiko batzuk jorratzen dituana.
4.- Tracking Bilbaoren 10 urte erakusketan zer ikusiko dau ikusleak?
Apirilaren 4an ekin geuntsan eta 27ra arte egongo da zabalik. Ikusleek Tracking Bilbaoren 10 urteotako lan grafikoa ezagutuko dabe, kartelak eta enparauak.
David Leone, leoneartworks.com da gure diseinatzailea eta kartelok ikusita jaubetuko gara zelako eboluzinoa izan dogun alde estetikoari erreparauta.
5.- Biotopía soinu-fikzinoaren Euskadi zein peninsulako estreinaldia egin zenduen, taula gainean antzeztutako podcast formatukoa, Manuel Bartualek zuzenduta eta Xabi Tolosa, Nikki García eta David Pareja aktore lanetan...
Bai. Biotopia zientzia fikzinoa eta umorea buztartzen dituan lana da, oso berezia, antzerkiaren antzeko formatoa dakarrelako. Eta aktoreen artean entzute handikoak dagoz, zuzendari lanetan Manuel Bartual eta aktoreak, barriz, Xabi Tolosa, Nikki García eta David Pareja.
6.- Mongolity lana be estreinauko dozue Silvia Sparks, Dario Adanti, Pere Rusiñol protagonista dituana. Ze barrikuntza dakar obra honek?
Mongolia aldizkariaren ikuskizun barriak Silvia Sparksen umore baltza, Dario Adantiren satira politikoa eta Pere Rusiñol Mongoliaren Reality News ataleko arduradunaren zuzeneko kazetaritzea buztartzen ditu. Ohiz kanpoko ikuskizuna da eta bikain ezkontzen da agertokiaren gaineko gaurkotasun digitalagaz. Online sarrerak 12 euroan dagoz eta leihatilan, barriz, 15 euroan.
7.- Apirilaren 25ean, Komikigileakaz topaketea iragarri dozue. Nortzuk datoz?
BBK Salan batuko dira Mamen Moreu, Elisa Riera, Elizabeth Casillas eta Laura Perez. Danak dira oso ezagunak: Mamen Moreu freelance dabil eta El Jueves aldizkarirako zein Astiberri argitaletxerako be egin ditu marrazkiak. Elisa Rieraren gainean be zer esango deutsut, diseinu grafikoa eta ilustrazinoa ikasi zituan eta La estirpe fracasada eta El futuro es brillante lanak ditu plazan.
Beste biak Elizabeth Casillas eta Laura Perez be esperientzia handikoak dira eta Astiberri eta Salamandra Graphic etxeetan egin ditue marrazkiak.
Sartzea doban da jarlekuak bete arte.
8.- Apirilaren 26an, El Instituto T antzezlanaren estreinaldia izango da Bilbon, aktoreak danok ezagutzen doguzanak dira...
Bai, teknologiaren, sare sozialen, publizidadearen edo komunikabideen eguneroko manipulazinoari buruzko ikuskizuna da, Lakanosa Teatroa euskal antzerki konpainiaren produkzinoa eta aktoreak oso ezagunak dira, besteak beste, Javier Antón, Jon Zabal eta Gorka Martín. Hau ikusteko sarrerea erosi behar da, 10 euroan dagoz online eta leihatilan, barriz, 12 euroan.
Gogoratuko deutsut Mongolity eta El Instituto T lanotarako sarrerea erosi behar dala baina makinatxu bat ekitaldi dagoz doban.
9.- Quema la memoria kontzertu poetiko ilustratua be nabarmenduko neuke, Ramón Rodríguez (The New Raemon) eta Paula Bonet ilustratzailearena, berbak, pinturea, musikea dakarzana... Zelako ikuskizuna da?
Ederra. 'Marraztutako Kontzertua' haren bidean datorren ikuskizuna da. Idea da Ramón Rodríguezen musikea eta Paula Bonet ilustratzailearen jarduerea bateratzea. Musikearen eta ilustrazinoaren arteko fusinoaren indarra erakutsiko deuskue.
Musika kontuakaz jarraituz, apirilaren 24an, domekan, 12:00etan, BBK Aretoan: Educapop: Cinemasrock eskainiko dogu, familiartean gozetako kontzertua, zinemearen Historia soinu banden bidez kontetan dauena. Ikusle txikienek, ikuskizunaz gozeteagaz batera, zazpigarren arteak emondako filmik onenak ezagutuko ditue. Narratzaile batek zinemearen historiako mugarri handienak kontau eta zinemearen historiako filmik adierazgarrienen zati txikiak sartuko ditu tarteka; beraz, narrazinoa eta historiako soinu-bandarik onenen zuzeneko interpretazinoa izango dira protagonista. Sarrerak aurretik erosi behar dira online 6 euroan eta leihatilan, barriz 8 euroan.
Beste alde batetik, hilaren 26an, 18:00etan, BBK Salan: Chill Mafia vs Ttun Ttun Brigade lehia izango da. Ikuskizunean artista/talde bi aurrez-aurre jarri eta, txandaka, Youtubeko umorezko bideo bat bialduko deutse alkarri: Chill Mafiako Kiliki Frexco eta Flako Fonki eta Ttun Ttun Brigadeko Asier K. eta Aginowsky izango dira lehian.
Chill Mafia, musika banda bat baino askoz gehiago da, Iruñeko lagun koadrilea, produktoreak, abeslariak, DJak, Mc-ak, entzuleak eta graffitigileak batzen dituana. Euskal panoramea hankaz gora jarri dabe, Sound System batzuen ondoren, kultur mobimentu bat sortu eben, DJ sesinoak eta musika ekitaldiak atonduz.
Ttun Ttun Brigade 2015. urtean Bergaran sortutako pop-elektronikoa jorratzen dauen taldea da.
10.- Artiadi liburuaren aurkezpena be iragarri dozue. Egileak zelako gaiak jorratzen ditu?
Maitasuna, heriotzea, gorrotoa, laguntasuna eta bestelako gaiak proponidu deutsoz Beñat Erezumak GPT-3 teknologiari eta 40 olerki izan dira Adimen Artifizialaren erantzuna; hau izango da, seguru asko, historian Adimen Artifizial batek euskeraz sortu dauen lehen liburua.
Beñaten lana olerki bakotxarentzako baldintzak proponidutea baino ez da izan eta gero gustuko 40 olerkiak aukeratu eta liburu honetan argitaratzea.
Jatorrizko testuak ingelesez sortuak izan dira eta itzultzaile neuronalak euskeratu ditu, oraindino ez baitogu gaur egun euskeraz zuzenean holakorik sortuko dauen teknologiarik. Espero daigun etorkizunean Adimen Artifiziala, Karmele Jaio, Pako Aristi eta bestelako idazle euskaldunen testuakaz be elikatzea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!