'Erresuma' antzezlana euskeraz ikusi ahal izango da domekan Madrilen

Bizkaie! 2022-04-08 10:16   Kulturea

Obreak Fernando Arrabal aretoan egindako hilebeteko egonaldia biribilduko dau.

'Erresuma' obrako eszena bat (argazkia: Arriaga Antzokia/E. Moreno Esquivel) | Ikusi handiago | Argazki originala

William Shakespeare ingelesaren testuetan oinarrituta Calixto Bieitok sortutako Erresuma/Kingdom/Reino antzezlana bira dotorea egiten dabil, hainbat uritako publikoaren gozamenerako. Madrilen, Teatro Españolen Fernando Arrabal aretoan, hilebete egin dau oholtzan, gaztelaniaz, baina egonaldia amaitzeko euskerazko bersinoa emongo dabe. Domekan, apirilak 10, izango da.

Hortaz, obrearen euskerazko egokitzapena eta euskerazko aktoreen lana ezagutu ahal izango ditue madrildarrek, gaztelaniazko gaintitulei esker. Bernardo Atxaga idazlea arduratu da Erresuma-ren euskerazko bersinoaren testuez, Shakespeare eta Bieitoren lanean oinarrituta, baina ikutu berezia be emonda.

Madrilen Erresuma euskeraz antzeztuko daben aktoreak honeek dira: Jose Maria Pou, Joseba Apaolaza, Lucia Astigarraga, Ylenia Baglietto, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñaki Maruri, Koldo Olabarri, Lander Otaola, Eneko Sagardoy eta Mitxel Santamarina.

Martiaren 11n estreinau zan Erresuma Madrilen, eta emonaldi guztiak gaztelaniaz izan dira orain arte. Horregaitik, obrearen arduradunek eskerrak emon deutsiez Teatro Españolekoei, azken saioa euskeraz emoteko aukereagaitik. Saioak Etxepare Institutuaren laguntzinoa dau.

Bilboko Arriaga Antzokiaren produkzinoa da antzezlana, baina koprodukzinoan beste erakunde ugari ibili dira, tartean Teatro Español bera.

Bilboko estreinaldiaren ostean, geraleku ugari izan ditu obreak orain arte, eta domekan amaituko dau Madrilgoa, euskerazko emonaldi berezi horregaz. Aurrerantzean be, beste uri ugaritan ikusi ahal izango da, esate baterako, A Coruñan, Santanderren eta Sevillan. Euskerazko bersinoa Getxoko Muxikebarrin (maiatzaren 6an), Donostiako Victoria Eugenian (bagilaren 3an) eta Gasteizko Principalen (9an) aurkeztuko dabe udea baino lehen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu