40 konpainia eta 90 emanaldi Leioako XXII Umore Azokan

Bizkaie! 2022-04-07 10:43   Kulturea

Maiatzaren 19tik 22ra egingo da.

Umore Azokea, Leioako Kale Artisten Azokea ohiko egunetan egingo da aurten; pandemiaren eraginez, data-aldaketak eta ziurbakotasuna izan dira nagusi azken urte bietan, baina ekimena indarbarrituta dator aurten. XXII. edizinoa maiatzaren 19tik 22ra egingo da; programazinoa indartu eta, barriro be, Leioako kale eta plaza guztiak betetako amesa dago. Danetara, 40 konpainia izango dira aurten gurean eta 90 ikuskizun emongo ditue kalean.

Kalea sormenerako gune izan daitekela ulertu eta ikuskizunak kalean eskaintzearen alde dagoz atontzaileak eta konpainien erakusleiho bihurtu da Leioako Umore Azokea, gero eta gehiago dira lanak lehen aldiz erakusteko azoka hori aukeratzen daben hemengo eta nazinoarteko konpainiak. Aurten, danetara, Umore Azokan parte hartzeko 550 eskaera jaso ditue (% 15 Euskal Herrikoak, % 55 Espainiakoak eta % 30 nazinoartekoak).

Ikuskizunak askotarikoak izango dira eta horren erakusgarri da Euskal Herriko 19 konpainiak parte hartuko dabela: Dantzaz, Deabru Beltzak, Hika Antzerki Taldea, Trakamatraka, Harrobia Dantza; Eva Guerrero konpainia, Zanguango Antzerki Taldea, Markeliñe Antzerki Taldea, Jokai, Ertza Sorkuntza, Orain-Bi, Barsanti konpainia, Maitane Sarrale, La Trapecionista konpainia, La Pez, Demode Produkzioak, Rouge Elea, Erre Produkzioak & Arteka & Markarada eta Jon Zabal.

Gainerako konpainiei jagokenez, 16 etorriko dira Andaluziatik, Aragoitik, Gaztela-Mantxatik, Kataluniatik, Galiziatik, Madriletik, Gaztela eta Leoitik, Valentziatik eta Balear Ugarteetatik). Bestalde, nazinoarteko 5 konpainia be izango dira Leioan, Italia, Portugal, Frantzia, Txile eta Japoniakoak.

Ikuskizun horreek guztiek, bai eta aurreikusitako jarduera guztiek be (berbaldiek, jardunaldiek, liburu-aurkezpenek, Umore Meetings eta negozio-bilera azkarrak), kaleko arteen erdigune bihurtuko dabe Leioa eta barreak eta bizitza ekarriko ditue herriko kaleetara.

Azken buruan, Nafarroako Maximiliano Cosattirena da 2022ko Leioako Umore Azokea iragarriko dauen kartela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu