Maiatzean izango dira Sormeneko ekitaldi nagusiak
2022-04-07 10:17 KultureaEuskerazko kulturgintzearen plazea izango da Galdakao.
Egitaraua osotzeko lanean dabizan arren, Sormene jaialdiko arduradunek dagoeneko aurkeztu dabe 2022ko udabarrirako daben asmoa. Atzo, apirilak 6, sorkuntzearen eta transmisinoaren inguruko tailerra egin eben Elexalde BHI ikastetxean, eta hitzordua aprobetxau eben programazinoa aurkezteko.
Maiatzaren 12tik 15era, eta hil horren 27an egingo dira 2022ko Sormeneko ekitaldi nagusiak. Bai, behinik behin, udabarriari jagokozanak, ze bultzatzaileen asmoa da udagoienean barriro Sormene antolatzea. Hurrengo urteetako plana da hori, Gotzon Barandiaranen arabera, hau da, Galdakao sormenaren plaza bihurtzea udabarri zein udagoienean.
Sormenek lau ildo jarraitzen ditu, sormena-plazak-komunikazinoa-transmisinoa, azaldu dau Barandiaranek. Transmisinoarena da ardura handiena eragiten deuskuna gaur egun, ez Sormenekooi bakarrik, ezpada Euskal Herri osoko eragileei be. Transmisinoaren etena, besteak beste, hezkuntza arautuan izan da, horregaitik aurkeztu dabe aurtengo edizinoa ikastetxe baten.
Bide batez, euskerazko kulturgintzea ikastetxeetara eroan eta transmisinoa indartzeko, ze bide segidu leiteken be azaldu nahi izan dabe Sormenekoek. Elexalde BHIn egin daben saioan, Batxilergoko ikasleek Formol Laborategiaren Album antzezlaneko edukiak landu ditue Intza Alkain eta Edurne Azkarate aktoreakaz.
Tailer horren bidez, 16-17 urteko gazteen artean kultura zaletasuna bultzatzea da helburua, Elexalde BHIko irakasle Rakel Iruarrizagak esan dauenez. Sormenek asmo horretan laguntzen dauela dino, besteak beste, landu beharreko eduki eta formetan gogoetarako modua emonaz, eta konsumo hutsetik harago doan ikuspegia sustatuz.
Dana dala, Gotzon Barandiaranek nabarmendu dau kulturearen transmisinoa ez dala eskolen esku bakarrik itxi behar, guztion ardurea dala aldarrikatzeko batu gara hemen. Hau da, euskerazko kulturgintzearen ekosistemako eragileona eta, jakina, euskal gizarte osoarena.
Galdakaoko Udaleko zinegotzi Edurne Espillak aitatu dau Sormeneren asmoakaz eta jardunagaz bat egiten dabela Udalaren helburuek, euskerazko kulturgintzeari aparteko lehentasuna emon behar jakolako. Udala, ganerako eragileakaz, ardura hori hartzeko prest dago.
Aurkezpenak eta azokak
Kontuak kontu, maiatzaren 12an hasita, danetariko jarduerak izango dira Galdakaon herritarren eta bisitarien esku. Antzerkiaren arloan, Metrokoadroka eta Formol Laborategia ikusi ahal izango doguz oholtzan. Bestetik, #Mauriziakezdauinorhil saioa aurkeztuko dabe Ines Osinagak, Lorea Argaratek eta Olatz Salvadorrek. Ikastetxeetan tailerrak antolatuko ditue.
Sortzaileen plaza, topaleku eta erakusleku izango da Galdakao hainbat egunez. Musikan, disko barriak aurkezteko 30na minutuko saio laburrak egingo ditue Kurtzeko karpan. Antzeko sistemea erabiliko dabe liburuak aurkezteko. Kultur Sorkuntzen Azokan disziplina ugaritako artistak batuko dira.
Egitaraua hemen (PDF).
Herritarrak Sormenen parte hartzera deituz amaitu dabe aurkezpena, etorkizuneko euskerazko kulturgintzarako zaletasuna gaurdanik eta egunero ureztatu beharra azpimarratuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!