EITBren programa-kontratu barria aurkeztu dabe

Bizkaie! 2022-04-07 08:47   Kulturea

Eusko Legebiltzarrean izan dira Bingen Zupiria sailburua eta EITBren zuzendari nagusi Andoni Aldekoa.

Gobernu Kontseiluak zezeilaren 22an onartu eban 2022-2025 aldirako indarrean egongo dan akordioa eta EITBren Adminsitrazino Kontseiluak be egun horretan jaso eban programa-kontratuaren barri. Alde biek martxoaren 8an sinatu eben.

Programa-kontratu barriak alde bien betebeharren eta konpromisoen esparrua barritzen dau, Euskadin ikus-entzunezko komunikazino-zerbitzu publikoa emoteari jagokonez. Holan, EITBren 5/1982 Sorrera Legeagaz eta apliketakoa dan gainerako araudiagaz bat etorriz, programa-kontratuak finkatu egiten ditu EITBk euskal gizarteari eskaini behar deutson ikus-entzunezko komunikazinoko zerbitzu publikoaren betebeharra eta printzipioak, besteak beste, persona guztiek erispidea izango dabela bermatzea, informazino ugari eta benetakoa izateko eskubidea, euskerearen sustapena eta normalizazinoa, euskal kulturea eta euskal kirola bultzatzea, euskal gizartearen bidelagun izatea eragile eraldatzaile moduan, ikus-entzunezko ekosistemea zabaltzearen alde egitea, edota Euskadiren leihoa izatea munduan.

Zupiria sailburuak azaldu dauenez, ezinbestekoa da Euskadin dogun ikus-entzunezko komunikazino zerbitzu publikoa emoteaz arduratzen dan soziedade publikoak, EiTBek, joko-eremu egonkor eta egoki bat izatea hurrengo urteetan, ikus-entzunezko sektoreak aurre egin beharko deutsen erronka horreei guztiei ondo erantzuteko eta euskal gizarteari kalidadeko zerbitzu publikoa emoten jarraitzeko. Hori da Programa kontratu honen helburu nagusia”. Gaineratu dauenez, “Herri batek, bere garapenerako ikus-entzunezko komunikazino zerbitzu publikoa behar dau. Eta geuk be, Herri bezela, zerbitzu publiko hori, ikus-entzunezko komunikazinoarena, behar dogu.

Bestalde, programa-kontratuak EITB finantzietako Eusko Jaurlaritzearen aurreikuspena finkatzen dau (inbersinoetarako, ustiapen-gastuetarako eta ikus-entzunezko produkzino europarrak finantzietako). Aurreikuspen horren oinarria Eusko Jaurlaritzeak 2022rako EITBri egingo deutson ekarpena da, hau da, 161,5 miloe eurokoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu