Eibarko historia ikertzeko I. Mercedes Kareaga Bekea martxan
2022-04-06 12:51 KultureaProiektuak maiatzaren 30era arte aurkeztu leitekez.
XX. mendean Eibarko herriaren alde egin eban lan ikaragarria gogoratu eta autortzeko asmoz, Mercedes Kareagaren (1908-1997) izena daroan bekea sortzea erabagi dau Eibarko Udalak, herriko eta inguruko historia ikertzeko proiektuak bultzatzea helburu. Lehenengo edizinoaren deialdia zabalik dago, maiatzaren 30era arte.
Mercedes Kareagaren bizitzea eta ekarpena ezagunak dira Eibarren, baina gehiago sakondu nahi dabe haren biografian. Hori dala eta, lehenengo edizinoko gai nagusia Kareaga bera izango da, hau da, bekea irabazteko hautagaiek haren biografia sakona egiteko proposamena aurkeztu beharko dabe. Udalak EHUren laguntzino akademikoa izango dau bekea emoteko prozesuan.
Eibarko Udalaren webgunearen bidez aurkeztu beharko dira ikerketa-proiektuak, gehienez 15 orrialdetan baina zehatz-mehatz kontetan dauen azalpen eta guzti. Banakakoa zein taldekakoa izan leiteke proiektua. Azterlana bera euskeraz izango da. Irabazleari 9.000 euro emongo deutsez, eta 20 hileko epea izango dau lana amaitzeko.
Epaimahaiak hainbat erespide erabiliko ditu irabazlea aukeratzeko. Batetik, eskatzaileen espediente akademikoa kontuan izango dau. Bestetik, lana bera balorauko dau: kalidadea, balio zientifikoa, originaltasuna, bideragarritasuna eta, jakina, Eibarko herriarentzat dauen interesa.
Oinarriak hemen.
Mercedes Kareaga
Emakume aurreratua izan zan bere sasoian, antolaketarako dohain handikoa eta kementsua. Gaztetan hasi zan lanean emakumeen eta behartsuenen alde. 1931n Eibarko Emakume Abertzale Batzaren bultzatzaileetako bat izan zan, eta erakunde horren barruan hainbat kargu bete zituan. 1931n eta 1932an, Jose Antonio Agirre, Monzon, Manuel Irujo eta beste hainbategaz batera, hogei mitinetik gora emon zituan Euskal Herrian zehar. Kareaga'tar Eskarne izenpean, artikulu ugari idatzi zituan Gerra Zibilaren aurreko urteetan, Argia, Euzkadi eta El Día aldizkarietan. Politikagintzea 1933an itxi eban.
Gerra ostean errepresinoa sufridu eban Francoren aldekoen partetik. Eskolak garbitzen jarri eben, eta poliziarenera joan behar zan lantzean behin. Herriaren alde egiten eban ekarpenari esker, obligazino hori kendu eutsen gero. Diktadurea amaitzear zala, 1974an, Eibarko Udalak omenaldia egin eutsan.
Kareagaren lanaren hiru zutabeak izan ziran emakumeentzat sortutako Goi Argi alkartea (1951koa); Eibarko Ongintza Patronatuaren babespeko beharginendako errehabilitazino-zentroa (1964); eta Cayetano Careaga tailer babestuak. Azken horren bidez, ezintasunen bat euken gazteentzako lan aukerak sortu zituan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!