Punta Begoñako bisitei ekingo jake, galerien mendeurrenean

Bizkaie! 2022-04-06 12:09   Kulturea

Punta Begoñabideo mapping proiekzinoak eskaniko ditue.

Eraikuntzan aztarnea itxi daben gure hurreko historiaren jazoera garrantzitsu batzuen lekuko izan dan eraikinaren ibilbideak ehun urte bete ditu eta Punta Begoña Galerietako ateak zabalik egongo dira barriro;  bisiten programa bat eskainiko jake herritarrei, apiriletik abendura arte, hainbat barrikuntza dakarzana. Obren zailtasuna eta monumentuko balioak babesteko gogoa dirala eta, bisiten eta jardueren programa oso zehatza egin da, leku kopuru mugatuagaz, urtean zehar 3.500 persona bertaratu daitezan eta galerietako historia zoragarria ezagutu deien.

Getxoko alkate Amaia Agirrek nabarmendu dau Punta Begoña herritarrak egoteko lekua izango dala: Punta Begoña biziteko moduko lekua izango da herritarrentzat. Eta uriak bizigarri bihurtzea garapen jasangarriaren helburua da, gobernu-talde honen apustua. Gainera, kultura, prestakuntza eta erakargarritasun turistiko kulturalerako gunea izango da baita barrikuntza eta parte-hartze sozialerako gunea be. Pandemiaren urte gogorren eta oso obra handien ondoren, Udalak bultzadea emon deutso proiektuari Punta Begoña Fundazinoaren bitartez. Oso pozgarria da getxotarren interesari erantzun ahal izatea eta galeriak barriro edegitea bisitetarako. Gainera bisita horiek barrikuntzakaz datoz, gure ondarea babesten laguntzen dabenak, ehun urte bete diran urte berezi honetan. Denpora horretan zehar, gure hurreko historia mugarri garrantzitsuenetako batzuen lekuko izan da eraikina eta, orain berpiztu ahal izango dogu historia, areto izugarri hau argiz, ahotsez eta kolorez beteko dauen ikus-entzunezko ikuskizun baten bidez.

Punta Begoñan ibilbide barriak eskainiko ditue da eta berreskuratutako espazioak egongo dira ikusgai; era berean, miloeka urteko historia laburbatuko da aretoko tximiniaren gainean egingo dan bideo mapping proiekzinoaren bitartez: Getxoko Udalak eta Punta Begoña Fundazinoak apirilean eta maiatzean egingo dan bisita mueta barri bategaz ospatu nahi izan ditugu urtemugea eta Galerien edegierea. Gure gidari taldearen eskutik leku honen sekretuak ezagutu ondoren, ibilbidea historian sartuta amaituko dogu, mapping ikuskizun baten bidez. Esperientzia sensoriala da, Punta Begoñako areto handi honetako horma eta dekorazinoen gaineko irudien proiekzinoaren bidez eraikinaren eraldaketea zuzenean ikusi ahal izatea ahalbideratuko dauena: euskarri dauen labarraren eraketatik hasi eta berreskuratu arte, harrotasun eta gainbehera momentuak edo orain mende bat Abrarako begiratokiaren eraikuntzatik igaroz, adierazo dau Punta Begoña Fundazinoko zuzendaria dan Maria Peraitak.

Apiriletik abendura bitartean egingo dira bisitak, baina apirilean eta maiatzean egingo da aitatutako bideo mapping-a. Ahalik eta bisita gehien lortzeko egindako ahaleginari esker, 1.250 plaza izango dira hile bi horreetan eta, beraz, aurreikusten dan eskaria dala-eta, euro biko prezio sinbolikoa ezarri da, erreserbeagazko konpromisoa bermatzeko eta inor kanpoan geratu ez daiten. Ekarpen hori monumentu historikoa berreskuratu eta sozializetako erabiliko da. Ondoren, obrako nahiz berreskuratze-prozesuko inguruabarretara egokituko da bisitea; holan, jarduera aldakor eta ebolutiboa izango da, Punta Begoñaz
gozetako esperientzia bakarra izan daiten beti. Monumentu baten eraldaketea bizi eta konpartiduteko aukerea.

Lekua erreserbetako, sartu Punta Begoña Galerietako webgunera edo Getxoko Turismo Bulegora jo (944 910 800), egun bakotxeko ordutegi eta hizkuntza-eskaintzea ezagutzeko. Mendeurreneko saioak bariku, lzapatu, domeka eta jaiegunetan eskainiko da, goizeko eta arratsaldeko txandatan, gaztelaniaz zein euskeraz.

Punta Begoñako historia

Punta Begoña Getxoko historia eta, bide batez, Euskadikoa be ezagutzeko espazio parebakoa da. Mugarri geologikoa, historiaurreko giza kokagunea, bateria militarra, XX. mende-hasierako loraldi kultural zein sozialaren erdigunea... Eraikin honen hormatan orain ehun urte Bizkaian bizi izandako eraldaketearen aztarnak dagoz ikusgai.

Gaur egun, Getxoko Udala monumentua berreskuratzeko lanak egiten dabil, gizartearen zerbitzura dagoan sormenerako, erakusketarako, prestakuntzarako, nahiz gozamenerako espazio bihurtzeko. Euskal Herriko Unibersidadeagaz batera ikerketa sakona egin da eta, horri esker, eraikinean eragiten eben kalteak antzemon eta haren balioak zehaztu dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu