Umeek antzezlan txiki bat atontzen ikasiko dabe
2022-04-06 09:26 KultureaEkimena euskeraz izango da eta 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako da.
Bilboko Berreginen Museoak umeentzako Pazko Asteko jarduerak dakarz, izan be, umeentzako antzerki-campus bat atondu dabe, euskeraz. Campuseko saioak Tepsis Teatrok zuzenduko ditu, antzerkia erakusten urteetako eskarmentua dauen konpainia gazteak. Hitzordua apirilaren 19, 20 eta 21ean izango da, bizkaitar erakundean (San Frantzisko kalea 14), 10:00etatik 13:30era eta izena emotea 9 euroan dago ume bakotxeko.
Campusak iraungo dauen hiru egunetan, taldeak ikasi eta lan egingo dau, azken egunean antzeztuko daben 15 minutu inguruko antzezlan txiki bat sortzeko helburuagaz. Jarduerearen iraupena 3 egunekoa da eta, ezin izango da, ezelan be, egun solteetarako izena emon.
Izena emoteko, 94 415 02 31 telefonora deitu behar da.
Erabiltzaile bakotxak 3 inskripzino egin ahal izango ditu gehienez. Dudak eta informazino gehiago hemen.
Bizkaitar erakundeak osasun-protokolo zorrotza aplikauko dau, persona-kopurua, tenperaturea, higienea eta distantziak kontroletakio, COVID-19aren ondoriozko gaur egungo araudia beteten dala bermatzeko.
Tepsis Teatro gizartea antzerkiaren bidez eraldatzeko helburuagaz sortu zan, ideologia sozial eta konprometiduari eutsiz; Tepsisek umorea, dramea edo tragedia ardatz hartuta jorratzen ditu gizarteko arazoak. Helburu hori beteteko, antzezlanei emoten deutse atentzinoa. Obra klasikoak egokitu edo beren antzerki-lanak sortzen ditue, gaurko munduaren ikuspegi barriak zabaltzeko.
Ekarpentxua egiten dabe, besteak beste, arrazakeriaren, genero-indarkeriaren eta homofobiaren kanpaina sozialak eginez, mundu hobe eta solidarioago baten alde. Eskolak be emoten ditue. Holan, antzerkia erabilten dabe umeek gauzak adierazoten ikasi deien, euren burua hobeto ezagutu deien, enpatia izan deien eta dibertidu daitezan, talde baten barruan eta indibidualismoa bazterrean itxita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!