Gazteen artean sormena lantzeko egitasmoa dakar Loraldiak
2022-04-05 13:40 KultureaProgramazino egonkorra atonduko dabe, baita udako egonaldiak be.
Loraldia Kultur Alkarteak, euskerazko sormena udabarriko jaialdi ezagunetik kanpo be zabaltzeko asmoaren barruan, Gaztea izeneko egitasmo barria antolatu dau, sorkuntzan ibili nahi dabenei edo hasi barri diranei zuzenduta. Alor bitan banatuko dabe eskaintzea: Bilboko La Terminal espazioan programazino egonkorra; eta udako egonaldiak Lekeition.
Gazteen artean sormena bultzatzeko helburu nagusiaren barruan, hainbat alderdi landuko ditu Loraldiaren Gaztea egitasmoak. Profesionalizazinorako bidean lagunduko deutse gazteei, formakuntzea emoteaz eta agertokiak eskaintzeaz gan. Loraldiak berezko dituan baloreak be sustatuko ditue, kultur eta sormen aniztasunari lotuak. Gazteen artean euskerazko hartu-emonak be bultzatuko ditue.
Hain zuzen be, Zorrotzaurre ugarteko La Terminal gunean sortuko daben programazino egonkorraren oinarri izango dira gazte sortzaileen proposamenak. Euskera Unibersoko kimu barriei eskaintzen jaken ekosistema barria dala dinoe Loraldiko arduradunek ohar baten. Loraldia Terminala izena emongo deutse guneari. Izatez, Haceria Arte alkarteak fabrika zahar baten eraikinean sortu dauen kulturgunea da La Terminal.
Espazio horretan gazteen sormena bultzatzeko lehenengo ahalegina Loraldiaren 8. edizinoan egin dabe, aurten bertan. Egun oso batez, gazte ugarik euren proposamenak La Terminaleko oholtzan erakusteko modua izan eben. Ekimena egonkor bihurtuko da orain. Momentuz, aurreikuspena da hilero saio bat egitea era askotako euskerazko sorkuntza artistikoak plazaratzeko.
Udako egonaldia, bestetik, bagilean eta garagarrilen egingo dabe, Lekeition, Loraldia Udako Ola izenpean. 18 eta 25 urte bitarteko sortzaile gazteek hartu ahal izango dabe parte sei eguneko egonaldi kulturalean. 50 lagunentzako lekua egongo da, txanda bitan: bagilaren 27tik garagarrilaren 3ra; eta hil horren 4tik 10era.
Transmisinoa izango da egonaldien ardatza, gaur egungo erreferenteen barri emon eta gazteek euren bidea topetako gunea eskainita. Formakuntza tailerrak egingo ditue, lau eremutan: berbea, soinua, irudia eta gorputza.
Gidari bikainak izango ditue gazteek egonaldiko tailerretan: Patxo Telleria, Iratxe Fresneda, Jokin Oregi eta Itsaso Arrieta aitatu ditue Loraldikoek orain arte. Era berean, sortzaile ezagunen obrea be ezagutuko dabe, adibidez, Miren Agur Meabe, Eñaut Elorrieta edo Mursegorena.
Bestetik, parte-hartzaileek eurek be euren sormen lanak atonduko ditue sei eguneko egonaldian. Danen artean proposamen handi bat sortuko dabe, eta azken egunean Lekeitioko herriaren aurrean erakutsi.
Udako egonaldian izena emoteko epea zabalik dago apirilaren 29ra arte (hemen). Loraldiko arduradunek jakinarazo dabenez, Trinkete Etxean hartuko dabe ostatu parte-hartzaileek. Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Lekeitioko Udalaren, EKEren eta Zinemazaleak alkartearen babesa dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!