Azken urteotan zaharbarritutako obrak erakutsiko ditu Arte Eder Museoak
2022-04-05 12:47 KultureaHistorian zehar pieza bakotxari egin jakozan esku-hartzeak agirian ixtea da asmoa.
Sasoi, euskarri eta estilo ugaritako artelanak batzen ditu Bilboko Arte Eder Museoak zabaldu dauen erakusketa barriak, baina ezaugarri batek lotzen ditu guztiak: azken urteotan zaharbarritutako obrak dira, museoaren eta Iberdrola enpresearen arteko alkarlanari esker. 2003tik 2020ra bitartean barriztautako piezetako batzuk eta igaz, 2021ean, programearen barruan sartu ziranak batu ditue erakusketan.
Museoak, baina, jatorrizko itxurea berreskuratu daben obrak erakusteaz aparteko beste helburu bat be badau. Hain zuzen be, sortu ziranetik gaur arte obra bakotxak izan dituan aldaketak, esku-hartzeak eta konponketak agirian ixtea, sarri ezkutuan geratzen diralako, piezak ulertzeko ezinbestekoak izan arren.
Obra bakotxa zaharbarritzen hasi baino lehen, ikerketa sakona egin behar da, egin beharreko esku-hartzea ahalik eta ondoen zehazteko, piezea bera behatuta, dokumentazinora jota, teknika zientifikoak aukeratuta... Disziplina arteko zeregina izaten da sarri.
Analisi zientifikoari esker, obrearen inguruko datu asko ezagutu geinkez. Argi ultramoreak gainazalaren inguruko informazinoa emoten dau; infragorriak, ostera, geruzarik sakonenak be agirian ixten ditu, obreak izandako eraldaketa guztiak ikusteko. Analisi kimikoak be egiten dira, pinturearen zein mihisearen nondik norakoak hobeto ezagutzeko.
Zelanbait, artistearen lan egiteko moduaz eta obrearen kontestu artistiko eta historikoaz datu gehigarriak azaleratzen dtu analisi horrek. Ganera, piezearen egoerearen barri emoten dau, geroko zaharbarritzea zenbaterainokoa izan behar dan jakiteko.
Lan hori guztia ezkutuan geratzen danez sarri, publikoari aurkeztu nahi deutso Arte Eder Museoak, artelanen atzean dagoan guztiaz jaubetu daiten. Museoaren bilduman sasoi, formatu eta estilo ugaritako piezak dagozan ezkero, zaharbarritze prozesuan parte hartzen daben adituen gaitasunari autortzea egitea be bada asmoa.
Erakusketarako aukeratu diran obren artean autore ezagunenak dagoz: Jan Mandijn, Ignacio Zuloaga, Isabel Baquedano, Vicente Ameztoy eta beste asko. 2021eko azken kanpainan barriztautakoen artean be izen ospetsuak topauko doguz, esate baterako, Angel Larroque, Marta Cardenas eta Agustin Ibarrola. XVI. mendeko autore italiar anonimo baten bolizko kurutzea be ezin da ahaztu.
Zeramikazko obra batzuk be sartu ditue erakusketan, adibidez, XVI. mendeko plater apaindu bat. Papel ganeko artelanei jagokenez, Paul Gauguin, Dürrer, Sonia Delaunay, Dario de Regoyos eta beste askorenak dagoz.
Erakusketan 2003tik hona zaharbarritutako obrak baino ez dagozan arren, Arte Eder Museoak 1975etik dauka martxan Konserbazino eta Zaharbarritze Saila. Iberdrola, bestetik, 2001etik da Museoaren Patronatuko kide, eta hamarkada bi daroaz programeari laguntzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!