Artoteka, arte garaikideko obren mailegua bultzatzen dauen lehen plataformea
2022-04-05 12:44 KultureaPublikoak erabagiten dau zer obra eroan gura dauen etxera.
Artotekak, artisten eta herritarren artean artelanak mailegatzea eta jarduerak bultzatzen dituan lehenengo plataformeak, martiaren 17an aurkeztu eban Artoteka erakusketea, bilduma barriko obrakaz eta artista barrien piezen aurkezpenagaz. Erakusketea apirilaren 13ra arte egongo da zabalik Barakaldoko Clara Campoamor zentro zibikoan eta jenteak aukerea izango dau aurkeztutako obrak maileguan hartzeko.
Eta zer da Artoteka? Publikoak erabagiko dau zer obra eta zergaitik eroan gura dauen etxera edo lan espaziora, obra horreek hartuko ditu eta hareekaz biziko da eta, gainera, askotan, egilea ezagutzeko aukerea izango dau. Oso interesgarria da hiru hilean behin artista barri bat ezagutzeko aukerea; jente askok ulertzen dau artea abiapuntu dauen aktibismo bat dala, lekuan lekuko sorkuntza testuinguruari laguntzen deutsola; beste persona batzuei asko gustetan jake bestela eskuratzea ezinezkoa izango litxakien lanez gozau ahal izatea eta, gainera, hiru hilean behin aldatzea. Kasu batzuetan, etxeko espazioa beste ikuspegi batzuetatik bertopetako aukera bat da. Harrera oso onaeko da baina beti kostetan jaku pentsamoldea eta dinamikak aldatzea. Asmoa da jarduera hori gure eguneroko bizitzan sartzea, Netflix-erako harpidetza bat bezela, Laura Díezek, Artotekako koordinatzaileetako batek, plataformearen funtzionamenduari buruz azaldu dauenez.
Arte garaikidea herritarren eguneroko bizitzara hurreratzeko asmoz, Artoteka Reshape Europako proiektuaren prozesutik sortu zan 2021eko urtarrilean; honako honeek parte hartzen dabe proiektu horretan: Sarean, Karraskan eta Wikitoki. Artelanen mailegua, eskola tailerrak eta tokiko artistakazko bitartekaritzea eskaintzen dituan plataforma bat da eta helburua da artea publikoari hurreratzea eta kulturea sustatzea: Gure asmoa da artelan garaikidea herritarrei hurreratzea, arteaz etxean edo espazio intimo edo partekatuetan gozetako bildurra kentzea, bitartekaritza artistikoaren bidez artisten esanahiak, jakintzak eta praktikak erraztea eta bistaratzea, portaera sozialak aldatzeko. Artisten tailerretan gordeta dagozan artelanen garrantzia azpimarratzea eta artelanok mobidutea, Oihane Sánchez erakusketearen antolatzaileak eta Artotekako artistetako batek adierazo dauenez.
Artotekaren lana herriko artisten artelanen bilduma bat atonduz hasten da. Ondoren, artelan horreek jentaurrean aurkezten dira eta jenteak aukerea dauka etxeetan, lantokietan edo beste espazio batzuetan jarteko maileguan alokatu nahi dituen piezak aukeratzeko, gitxienez hiru hilebetez. Azkenik, plataformeak bitartekaritza jarduerak diseinetan ditu interesdunaren, artistearen eta espazioaren beharren arabera eta obren garraioa eta muntaketea gainbegiratzen ditu.
Laburbatuz, Artoteka arte bildumazaletasunaz aldez aurretik geunkan idea eraldatzeko asmoagaz sortu zan. Eta hori guztia, arrazoizko prezioetan. Obra horreetakoren bat gustuko badozu, hilean 50 euro ordainduta eroan zeinke etxera. Gainera, maileguak jarraipena izan leike, obrea aldatu zeinke eta erosi egin zeinke, gaineratu dau Iranzu Guijarrok, Artotekako beste koordinatzaileetako batek.
Plataformearen funtzionamendua oso erraza da: erabiltzailea –partikular bat edo enpresa bat– webgunean sartuko da, nahi dauen obra artistikoa aukeratu, jagokon formularioa bete, kontratua sinatu eta obrea etxera eroan ahal izango dau. Denporea igarota, erabiltzaileak obrea bueltau eta beste bat alokatu ahal izango dau.
Artotekako hamazazpi artistak zenbait gaien inguruan egituratzen dira: ekologia eta naturea, identidadea eta memoria, teknologia kritikoa edo eguneroko bizitzea. Horreetako hamabost UPV/EHUko ikasleak eta graduatuak dira, besteak beste, Maite Pinto, Adrián Piedra eta Oihane Sánchez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!