Zabaldu dabe XIV. Bizkaidatzen parte hartzeko epea

Bizkaie! 2022-04-05 10:55   Kulturea

Gotzone Butron eta Mikel Alvirak hasitako istorioak amaitzea da sariketa literarioaren helburua.

Mikel Alvira, Lorea Bilbao eta Gotzone Butron (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak literaturea eta idazteko zaletasuna bultzatzeko antolatzen dauen Bizkaidatz sariaren XIV. edizinoaren deialdia zabaldu dau. Ohiko moduan, idazle bik istorio bana hasi dabe, amaiera barik. Parte-hartzaileen zeregina izango da amaierea idaztea, eta onenentzat sariak egongo dira.

Aurtengo edizinoaren aurkezpenean, Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbao eta idazle biak, Gotzone Butron eta Mikel Alvira, egon dira. Bizkaidatz lehiaketan herritarren literatur sormena bultzatu nahi dogu, azaldu dau Bilbaok.

Euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeak izango ditue parte-hartzaileek aukeran. Euskerazko kontakizunaren hasierea Gotzone Butronek idatzi dau, Nire Sarajevo izenburupean. Ikusi testua hemen. Mikel Alvirak, gaztelaniazko atalerako idatzi dau Los imperfectos (hemen).

Helduentzako lehiaketea da honako hau (ume eta gaztetxuentzat Bizkaidatz Txikia egoten da urtero). Interesa dabenek irailaren 9ra arte aurkeztu leikiez euren idazlanak, 12 eta 15 orrialde bitartekoak. Idazleek hasitako kontakizunagaz koherentzia izatea balorauko dau epaimahaiak, baita kalidade literarioa be.

Kategoria bakotxean irabazle nagusi bat egongo da, eta 2.000 euro eroango ditu. Bigarren sarituek 750na euro eskuratuko ditue eta hirugarrenek, 250na. Diplomea be emongo deutse sei sarituei.

Bizkaidatz sariketea 2008an sortu eben, bizkaitarren literaturearen arloko talentua eta sormena sustatzeko eta zabaltzeko, Foru Aldundiaren esanetan. Orain arteko edizino guztietan idazle ezagun ugarik idatzi ditue kontakizunen hasierak, eta parte-hartzaileak be ez dira gitxi izan: 578 testu jaso ditue urteotan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu