Umetako gomutak arte bihurtu ditu Heli Garciak BilbaoArten
2022-04-05 08:28 KultureaEskulturea, pinturea, zeramikea eta bideoa buztartzen dira erakusketan.
Pinturan emon zituan lehenengo pausuak Heli Garcia sortzaile granadarrak, baina BilbaoArteko Pretérito imperfecto erakusketan formatu ugari buztartzearen alde egin dau, memoriaren eta naturearen kontzeptuak oinarri eta txikitako gomutak arte plastikoetara eroateko asmoz. Egurra, zeramikea, pinturea eta bideoa sartu ditu, material eta kontzeptu diferenteak idea berberen inguruan lotzeko.
Txikitan olgetarako erabilten eban txabola baten argazkia da erakusketearen abiapuntua. Eskala errealean eta material industrialak erabilita berregin eban Heli Garciak txabolea, 2021ean BilbaoArten egin eban egonaldi artistikoan.
Modu horretara, Garciak bere umezarora jo dau, baina orduko pelikuletan zabaldutako estereotipoen ganean be egiten dau berba. Idea perfektuen eta errealidadean hartzen daben forma inperfektuaren arteko kontrastea erakusten dau.
Egurrezko txabolea da aretoaren erdigunea. Inguruan, zeramikazko piezak, izakera eskulturikodunak, baita 1980 eta 90eko hamarkadetako filmak gogora ekarten dituen pinturak be.
Astelehenetik barikura, arratsaldez, ikusi leiteke Pretérito imperfecto erakusketea BilbaoArteren egoitzan, Bilboko Urazurrutia kalean, apirilaren 29ra arte. Sartzea doban da. Katalogoa be atondu dabe, Jaime Cuenca arte kritikariaren El árbol ausente testua dakarrena.
Heli Garciak (Granada, 1983) jaioterrian hasi eban heziketa artistikoa, eta Poznango (Polonia) Sztuk Pieknych Akademian amaitu. Europako hainbat herrialdetan ikusi ahal izan dira bere obrak, baita Japonian, Taiwanen eta Estadu Batuetan be. Sari ugari emon deutsez Andaluzian zein Madrilen. Egonaldiak egin ditu Taiwanen, Italian, Argentinan, Estadu Batuetan, Japonian, Frantzian eta Portugalen. BilbaoArten be bekadun izan zan igaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!