Arkeologi Museoaren 13. urteurrena gogoratuko dabe apirilean
2022-04-01 09:53 KultureaHilaren 3an Antton Aranburu eta Amaia Canteroren kontzertua atondu dabe.
Bilboko Mallonako Galtzadetan dagoan Bizkaiko Arkeologi Museoa, uriko barrienetako bat izan arren, uriko eskaintza kulturalean gero eta finkatuago dago. Dagoeneko 13 urte bete ditu, eta ospakizunak antolatu ditue horren kontura. Nobedadez beteta dator apirila museora.
Alde batetik, apirilaren 3an, domekan, urteurreneko kontzertu berezia egongo da museoko patioan, 12:30ean. Antton Aranburu eta Amaia Cantero bikote musikalak lehengo eta oraingo doinuak gogoratuko ditu, ahotsaren eta gitarrearen bidez. Euskal artista ezagunen kantuen bersinoak joko ditue, Mikel Laboa, Itoiz, Ken Zazpi eta Zea Maysenak, besteak beste.
Kontzertura joatea doban da, baina plazak mugatuak dira. Hortaz, aurretik izena emotea komenidu jake interesa dabenei. 94 404 0990 telefono zenbakira deitu leikie, edo arkeologimuseoa@bizkaia.eus helbidera idatzi.
Apirilak dakarren beste nobedade nagusia erromatarren sasoira eroango gaituen bisitaldi gidatuak dira. Britainia Handian erromatarrek eregitako Adrianoren Hormearen inguruko aldi baterako erakusketan egingo ditue bisitaldiok.
Inperioaren iparraldeko mugako leku urruna zan arren, Adrianoren Hormeak badau loturea Euskal Herriagaz. Vindolanda izeneko herrian zaldun barduliarrak egon ziran, eta Forua eta Aloriako aztarnategietan agertutako objektuak ikusi geinkez erakusketan. Horrezaz gan, argazkiak, objektuen erreprodukzinoak eta informazino zehatza be topauko doguz.
Bisitaldiak arratsaldez izango dira, 17:30ean, museoko Mallona aretoan. Parte hartzea doban da, baina erreserbea egin behar da aurretik (94 404 0990 edo arkeologimuseoa@bizkaia.eus).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!