Labe Garaiaren ingurua atontzen hasi da Sestaoko Udala

Bizkaie! 2022-03-31 08:12   Kulturea

Kultura ondare babestua da, Bizkaiko historia industrialaren parte dalako.

Erakundeetako kideak, Sestaoko Labe Garaiaren aurrean (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sestaoko Labe Garaia, sasoi baten Bizkaiko Labe Garaiak enpresearen parte izan zana, ondare kulturala gizarteratzeko eremu bihurtuko da laster, Udalak martxan jarri dauen proiektuari esker. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2,4 miloe euro emon deutsaz, eraikina eta ingurua atontzeko hainbat lan egiteko.

Prozesuaren barri emoteko agerraldia egin dabe Bingen Zupiria sailburuak eta Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak. Aazaldu dabenez, 2005etik monumentu kategoriako kultura ondasun da labe garai hori eta, ganera, lehentasunezko bultzadea behar dauen eremu baten dago, Ezkerraldean.

Labe Garaia hurreko iragan industrialaren Europako ikono bat da, adierazo dau Bingen Zupiriak. Ondarea berreskuratuta, beti be iraunkortasun eta bideragarritasun erespideakaz, eskualdearen garapen sozioekonomikoa sustatuko da.

Sestaoko Udalak eraikinaren beraren barrualdea konpondu zein ingurua urbanizauko dau. Hainbat ataletan banatu dabe obrea:

- Hondeaketa plana eta ingurumen baimena.

- Benediktara sartzeko zubibidearen eta Labe Garaien Parkearen arteko irisgarritasuna. Eremu bien artean 26 metroko desnibela dagoanez, igogailu publikoa ipiniko dabe.

- Bisita-zentroaren, musealizazino-guneen eta KIOrako sarbideen proiektua. Bisitariak hartzeko eta azalpenak emoteko zentroa eregitea da egitasmoaren ardatzetako bat.

- Labe Garaia zaharbarritzea. Estadua da, izatez, azpiegiturearen jaubea, beraz, Espainiako Gobernua arduratuko da berau birgaitzeaz, fase bitan. Dana dala, bertoko erakundeek be esku hartuko dabe, prozesua bizkortzeko.

- Beste proiektu osogarri batzuk. Labe Garaietan egindako lurrun-makina bat konpondu eta ikusgai ipiniko dabe. Argiztapena be hobetuko dabe. Azkenik, proiektu osoari koherentzia emoteko beharrezkoa izango da azterlan museografikoa egitea eta iraunkortasuna bermatzeko kudeaketa modurik aproposena diseinetea. Asmoa da, obrak martxan dagozan artean be herritarrentzako bisitaldiak egitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu