Expodistritoren udabarriko zikloa apirilaren 4an hasiko da

Bizkaie! 2022-03-30 12:15   Kulturea

Pintura eta argazki erakusketak ikusi ahal izango dira Bilboko auzoetan.

Neguko txandea amaituta, udabarrikoari ekingo deutso Expodistrito zikloak. Bilboko auzoetara artea eroatea eta artistei euren obrea erakusteko aukerea emotea dira Bilboko Udalaren programa honen helburu nagusiak. Oraingo honetan, apirilaren 4tik bagilaren 30era, Abando, Begoña, Alde Zaharra, Castaños, Otxarkoaga, Errekalde, San Inazio–Ibarrekolanda eta San Frantziskoko udaltegietan egingo da Expodistrito.

Ohikoa dan moduan, pinturakoak izango dira udabarriko ziklo honetako erakusketa gehienak, baina argazkigintzakoak be badagoz. Erakusketa guztiak txandaka joango dira udaltegi batetik bestera, ahalik eta bilbotar gehienek gozau deiezen.

Anesvad erakundeagaz alkarlanean Eva Menak egindako koadroak dira Rostros que dejan rastro erakusketakoak. Osasungintzea erdigunean ipinten dau, mediku, erizain eta jagoleei omenaldia egiteko, Covid-19aren pandemiak ezinbestekoak dirala erakutsi deusku eta.

Photobat, Bilboko argazkilarien alkartea, arduratu da Expodistritoren udabarriko txandako erretratu erakusketetako bat atontzeaz. Kolektiboko kideek egindako 32 argazki batu ditue.  Bestetik, Babel izeneko erakusketea aurkeztuko dau Angel Sanchez argazkilariak Bilboko auzoetan.

Pintureari jagokonez, Maria Rosario Uriarteren El color en la naturaleza, Blanca Calderon eta Manuel Pico Martinezen Más allá de lo visible be aitatu behar dira, Euskal Akuarelisten Alkartearen erakusketa kolektiboa ahaztu barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu