Luis Paret Bilbon argitalpen digitala aurkeztu dabe

Bizkaie! 2022-03-30 10:14   Kulturea

Gondra Barandiaran Fundazinoaren eta Bilboko Arte Eder Museoaren arteko 2022ko lankidetzea.

Sortu ziraneko helburuen artean dagoz, besteak beste, kultura eta hezkuntza-balioa daben jarduerak sustatu eta jorratzea. Lankidetza horren barruan, nabarmentzekoa da, lehenengo eta behin, museoan euren ezagutzak handitu nahi dituan tituludun gazteei zuzendutako zazpi prestakuntza-bekak; urtero egiten dan programea da eta bederatzigarren edizinoa da dagoeneko.

Gondra Barandiarán-Bilboko Arte Eder Museoa prestakuntza-beken programeak apirilaren 29an argitaratuko dau erakunde bien webguneetan 2022-2023 ikasturterako beken deialdia; zazpi beka eskainiko jakez prestakuntzea museoko lan-egonaldi batean eta museoko profesionalen tutoretzapean aberastu nahi daben gazteei. Holan, partaideei eskura jarriko jake aditu talde baten eskarmentua eta arlo museografikoko eta haren kudeaketa-arlo honeetako testuinguru errealean lanean hasteko aukerea: Artxiboa eta Dokumentazinoa (2), Liburutegia, Hezkuntzea, Erregistroa eta Erakusketak, Argitalpenak eta Zerbitzu Orokorrak. Helburu horri eutsiz, bederatzi hilebetean zehar, hautatutako personek aukerea izango dabe euren curriculuma aberasteko, ezagutzak eguneratzeko eta gaitasun barriak eskuratzeko, lan munduagaz hartu-emon zuzenak izanez eta gaitasunak museoan praktikan jarriz.

Azken zortzi urteotan, 60 bekadun baino gehiago ibili dira museoan programa horri esker, profesionalen prestakuntza espezializatuari eta Gondra Barandiarán Fundazinoaren hezkuntza-misinoari ekarpena egiteko asmoz.

Gainera, 12. boletinean Luis Paret Bilbon argitalpen digitala aurkeztuko da; margolariak Bilbon egin eban egonaldiaren garai garrantzitsuari buruzko jardunaldietan egindako berbaldiak batu ditue bertara.

Hamabigarren boletina museoaren webgunearen bidez zabalduko da (www.museobilbao.com), euskarri digitalean, euskeraz eta gaztelaniaz eta doban konsultau eta deskargatu ahal izango da.

Hirugarrenik, Udako Ikastaroen hirugarren edizinoa egingo da; 2020an pandemiak eragotzi eban eta, 2021ean, Luis Paret margolariari eskainitako Arte Jardunaldiak egin ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu