Sarako Idazleen Biltzarra apirilaren 10ean eta 11n egingo dabe

Bizkaie! 2022-03-30 09:06   Kulturea

Ohiko moduan, idazleen eta irakurleen arteko topaleku izatea da helburu nagusia.

Dagoeneko 39. edizinoa beteko dau Sarako Idazleen Biltzarrak, baina betiko asmoari eutsiko deutso, hau da, idazleen eta irakurleen arteko zubilana egitea, alkar topau eta ezagutzeko espazioa emonez. Apirilaren 10ean eta 11n egingo da aurtengo edizinoa, eta, azken urteotan lez, Sarako kiroldegian egongo da gune nagusia.

Egitarauan, euskal liburugintzako azken nobedadeen aurkezpenak, kulturgileen berbaldiak eta jarduera kulturalak dagoz. Lehenengo eguna, 10a, publiko guztiarentzat aproposa izango da eta, bigarrena, ostera, profesionalentzat, azokan jentea egun bietan sartu ahal izango dan arren.

Kiroldegian ipiniko dituen ia 80 erakusmahaietan, Ipar Euskal Herriko argitaletxe, kultur alkarte eta erakunde ugariren argitalpenak ezagutu ahal izango doguz, baita Hegoaldeko batzuenak be. Euskeraz edo frantsesez dira liburu gehien-gehienak, beti euskal gaiak eta hizkuntzea ardatz.

Aurkezpenen artean, apirilaren 10ean, Itxaro Bordaren Uhartearen mugetan, Txomin Peillenen Ene bertsoen bilduma (1951-2021), Josu Martinezen Irudiz eta Euskaraz Gure Hizkuntzaren Zinema, Gure Zinemaren Hizkuntza eta beste asko izango dira, autoreak eurak bertan dirala.

Ganera, 2022ko Biltzar Saria euskal kulturgintzako beterano biri emongo deutsie, Mixel Duvert eta Luzien Etxezaharretari.

Hilaren 11n, hiru berbaldi edo aurkezpen saio aitatu leitekez: Xabi Paiak ahozko euskal literaturaz egingo dau berba; Gotzon Barandiaranek eta Rafa Ruedak Hitzen ahairea ikuskizun musikatua aurkeztuko dabe; eta Sarako XIX. mendeko ospakizunez egingo dau berba Patxi Urkizuk.

Kiroldegian sartzeko euro bi pagau beharko dira. Dobako jarduerak egongo dira, ganera, alboko karpan eta herriko mediatekan, esate baterako, Kiribil konpainiaren irakurraldi musikalak eta umeen liburuen aurkezpenak.

Ikusi egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu