Mikel Erkiagaren artelanak Rekalde Aretoan, maiatzaren 29ra arte

Bizkaie! 2022-03-30 08:19   Kulturea

Barriek 2021 zikloko azken erakusketea da.

Bizkaiko Foru Aldundiak artista gazte edo hasibarriei bultzadea emoteko antolatzen dauen Barriek programearen barruan, 2021eko deialdiko irabazleei jagoken zikloa azkenera helduko da Mikel Erkiagak ipini dauen erakusketeagaz. Bilboko Rekalde Aretoan ikusi leiteke, Amu bakoitzean izenburupean, maiatzaren 29ra arte (sartzea doban).

Formatu handiko zein txikiko obrak eroan ditu Erkiagak erakusketara, danak azkenaldion sortuak, asko jota orain dala urte bi. Pintureagaz lotutako piezak dira gehienak, baina Polaroid makineagaz egindako erretratuak be badagoz.

Amu bakoitzean izenburuak artistearen ikerketeak dakarren tranpeari egiten deutso erreferentzia; izan be, bere lan-prozesuan, diziplina biak, argazkigintzea eta pinturea, bata bestearen amu dira, dualtasun berean korapilatutako obra moltsoa helburu.

Proposamen horri esker, Barriek 2021 deialdiko irabazleetako bat izan zan Mikel Erkiaga. Beragaz batera, Jenni Alvarado, Izaskun Araluzea, Urtzi Urkixo eta Javier Rodríguez Pérez-Curiel be saritu zituen eta banakako erakusketa bana egin dabe Rekalde Aretoan. Erkiaga da, beraz, zikloa zarratzeko geratzen dan azkena.

Mikel Erkiagak (Bilbo, 1994) Arte Ederretako gradua dauka EHUn (2016), baita Pinturako Masterra be (2017). Bakarkako erakusketak eginda ditu, adibidez Bilboko Juan Manuel Lumbreras galerian (2019), baita taldekoak be (Arnasketa, Bilboko Arte Eder Museoa, 2021).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu