Durangoko bonbardaketea gogoratzeko eta ezagutzera emoteko liburu barria aurkeztuko dabe

Bizkaie! 2022-03-30 07:55   Kulturea

Durangoko Udalak atonduta, aztarnetatik bisita birtuala eta interaktiboa begitu hemen.

Durangoko Udalak 1937ko bonbardaketea gogoratzeko diseinautako ekitaldien barruan: Batetik, Jon Irazabal Gerediaga Alkarteko kideak ondu dauen liburu barri baten aurkezpena eta bigarren, urteroko autortza ekitaldia.

- Liburu aurkezpena: Durango, 1937ko Martxoaren 31, Bonbardaketa

o Martiak 30 – 19:00 – Kurutzesantu Museoan.

- Bonbardaketan hildakoei autortzea.

o Martiak 31 – 19:30 – Andra Mariko eleizpean.

Gerediaga Alkarteak ekitaldi bi atonduko ditu:

Liburu aurkezpena

2001. urtean, Durangoko bonbardaketeari buruzko lehen ikerketea argitaratu eban Jon Irazabal Gerediaga Alkarteko kideak. Hamarkadatan ikertutakoaren emoitzea izan zan liburua. Baina ikerketak urteetan jarraitu eban eta erasoaren 85. urteurrenerako, azken 20 urteetako ikerketen emoitzak jasoten dituan liburuxkea landu dau.

Durangoko Udalak diruz lagundutako argitalpena da eta Gerediaga Alkartea arduratuko da banaketaz eta salmentaz. Bonbardaketearen harian atontzen diran ekitaldi esanguratsu guztietan izango da eskuragai 10 euroan.

Martiaren 30ean, eguaztenean, arratsaldeko 19:00retan, Kurutzesantu Museoan egingo dan aurkezpen ekitalira doazenek, doban jasoko dabe alea.

Bonbardaketan hildakoak gogoratzeko ekitaldia

1937ko Martiaren 31n hil eta Durangoko kanposantuan hobi komunetan lurperatutako biktimak izango dira aurten ekitaldiko ardatz. Gerediaga Alkarteak eta Durango 1936 Kultur Alkarteak ikerketea egin eben igaz, Durangoko Udalaren eta Gogora Institutuaren babesari esker. Hobi komunetan lurperatutako 84 personak identifiketea izan zan ikerketearen helburua. Danetara, 51 identifikau zituen izen eta abizenakaz eta 31 personen kasuan, euren senitartekoak lokalizau zituen eta, beraz, eurek jasoko dabe aurten autortzea.

Gerediaga Alkarteak eta Kriskitin jantza taldeak atontzen daben ekitaldian, autortzea gogoratzekoa jasoko dabe ekitaldian parte hartzeko gonbiteari erantzunez, Andra Mariko eleizpeko lehen lerroan jesarriko diran familiartekoek. Ordubeteko ekitaldia aurreikusita dago. 19:30ean hasiko da eta Carolina Suarez kazetari durangarrak aurkeztuko dau. Ekitaldian Durangoko bonbardaketearen eta gerrako ondorioen harian sortutako hiru abesti interpretauko ditue:

- Ander Erzillak eta Daniel Del Vallek Agurrik gabeak kantua. Letrak Unai Iturriagarenak eta doinua Ander Erzillarena da.

- Erika Lagoma, Onintze Azkarate eta Amaia Jaiok Persona duinen errekuentua. Letra Joseba Sarrionandiarena.

- Insomnia musika talde durangarrak Durangoko bonbaketa abestia. Berbak Xabier Amurizak eta musikea Ander Erzillak egin zituen. Bonbardaketan hildakoak gogoratzeko ekitaldirako sortutako kantua eta urtero musika talde edo musikari batek interpretetan dau.

Kriskitin jaantza taldeak eskainiko deutso ekitaldiari giro solemnea edo aparta, hasierarako eta lore-eskaintzarako atondutako jantza piezakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu