Mairin Mitchell irlandarraren barri dakar Gernikako Euskal Herria Museoak

Bizkaie! 2022-03-29 09:17   Kulturea

Euskal historia sakon aztertu eban, baina ezezaguna da gurean.

Xabier Armendariz, Lorea Bilbao diputaduari erakusketako objektuak erakusten (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

XX. mendean euskaldunen historia, ibilerak eta nortasuna aztertzen ibili ziranen artean, Mairin Mitchell irlandarra aitatzea ezinbestekoa da. Gehien-gehienen gomutatik ahaztuta dago, baina, eta huts hori konpontzeko asmoa dau Gernikako Euskal Herria Museoak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz. Mairin Mitchell. Euskaldunen kronikari irlandarra erakusketea 2023ko zezeilaren 5era arte ikusi ahal izango da.

Mitchellek lotura estua izan eban Euskal Herriagaz: amama bat euskalduna eukan, eta bera be Gipuzkoan bizi izan zan luzaroan, Zumaian eta Tolosan. Lanbidez kazetaria eta idazlea, Mitchellek Akurioren odisea idatzi eban, Elkanogaz munduari birea emon eutsan kontramaisu bermeotarraren barri emoten dauen liburua. Kronika ugari be idatzi zituan euskaldunek itsasoan egindako joan-etorrien inguruan.

Horrezaz gan, Euskal Herriagaz eta euskaldunen izakereagaz maiteminduta egoan Mitchell. Bere sasoiko persona garrantzitsuak ezagutu zituan: José de Arteche, Koldo Mitxelena, Manuel de Irujo...

Horrenbestez, Euskal Herria Museoak Mitchelli erakusketa monografiko zabala eskaintzea erabagi dau, Xabier Armendariz komisarioaren proposamenari baiezkoa emonda. Bermeoko Arrantzaleen Museoan Elkano eta Akurioren inguruan atondutako erakusketearen arduraduna da Armendariz, eta Gernikakoa beste haren osogarri dala dino.

Bederatzi arlotan banatu dabe erakusketako edukia, Mairin Mitchellen obrea ezagutarazoteko, batez be, euskaldunen kronikalari lez egindakoa. Azalpen-panelak, Mitchellek bere lagun Cecilia García de Guliarteri oparitutako objektu personalak, eskuz idatzitako oharrak dituen argitalpenak, liburuak eta gutunak topauko ditu bisitariak Euskal Herria Museoan.

Ganera, Mitchellek berak Arrantzaleen Museoko ohorezko liburuan idatzi eban esaldia irakurteko modua izango dogu: Mairin Mitchell, irlandar bisitari baten esker onarekin herri handi batengandik, Bizkaitarrengandik, jasotako maitasun guztiagatik. Gora, Euzkadi!.

Erakusketea aurkezteko ekitaldian, Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok dino omenaldi apala egin nahi izan deutsiela bere bihotza, lana, ikerketea eta arimea beretzat jo eban herri bat ezagutarazoteko jarri zituan emakume bati. Bilbaok nabarmendu dauenez, gerizpean egin eban lan Mitchellek, eta horregaitik ez da haren argazkirik sartu ahal izan erakusketan.

Hori dala eta, historian zehar ezkutatu edo isilarazo diran emakume askoren ekarpena ikusarazoteko ahaleginaren parte be bada erakusketea. Euskal Herria Museokoen eretxiz, funtsezkoa da ahaztutako emakume honi argia eta oihartzuna emotea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu