Indarkeriari buruzko sensibilizazino eta prebentzino kanpaina aitzindaria Uribe Kostan

Bizkaie! 2022-03-29 08:57   Kulturea

Tailerrak 4 prestatzailek emongo ditue, tartean Amelia Tiganus idazle feministea dago.

Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunidadeak, Bardintasun Sailaren bitartez, azken urteotan arlo horretan martxan jarritako kanpainarik garrantzitsuenetako bati ekingo deutso apirilaren 1ean; Emargigaz (Emakume eta Neskatoen Emantzipazinorako Bilboko Alkartetik jaiotako kooperatibea) lankidetzan egin da eta sexu-indarkeriaren eta pornografiaren konsumoaren inguruko sensibilizazino, prestakuntza eta prebentzino kanpaina bat da, Sopelako Iberre Institutuko DBHko 3. eta 4. mailako ikasleei zuzendua. Proba pilotua izango da eta etorkizunean udalerri mankomunatuetako Bigarren Hezkuntzako gainerako ikastetxeetara eroateko asmoa dau Mankomunidadeak.

Ekimena apirilaren 1ean (barikuan) hasiko da eta alkarregaz esku hartzeko ekintzak eta beste batzuk sexuaren arabera bereizita egingo dira. Gizonakaz maskulinidadea ulertu eta deseregiteko lan egingo da eta emakumeakaz ahaldundutze feministearen inguruan.

Kanpaina honek aukerea emongo deusku bardintasunaren aldeko hezkuntzearen alde lan egiten jarraitzeko eta Uribe Kostako gazteek eta nerabeek indarkeria matxistearen zantzuak identifikau deiezan laguntzeko. Bardintasunagaz, hezkidetzeagaz eta emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzinoagaz lotutako jakingarriak sortu eta zabaltzea da asmo. Jakingarri horreei esker, indarkeria hori sorrarazoten eta justifiketan daben mitoen ganeko sinismenak eta rolak indarkanotu ahal izango ditue eta hori egiteko, erdigunean jarriko dogu gazteek etorkizun hobea, libreagoa eta bardintasunezkoagoa eregiteko daben zeregina, adierazo dau Josu Landaluzek, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunidadeko presidenteak.

Tailerrak 4 prestatzailek emongo ditue, tartean Amelia Tiganus; Amelia, prostituzinoari eta sexu indarkeriari buruzko sensibilizazino eta prebentzino ikastaro eta tailerretako hezitzailea da. Aditua, bizirik urten dauena eta sistema prostituzionalaren lekukoa. Ekintzaile, hezitzaile eta idazle feministea da. Emargiren sortzailea da eta Nazinoarteko Eskola abolizionistearen sortzaileetako bat izan zan. Azken bost urteotan 400 berbaldi eta tailer baino gehiago emon ditu Espainiako lurralde osoan, baita Latinoamerikan eta Europan be. Hezitzaile taldean beste 3 persona dagoz:

- Oiane Menika (Gizarte hezitzailea eta Emargiren sortzailea. Umeen eta nerabeen babesean espezializautakoa, lehen harrerako baliabideetan zein jokabide-arazoei jagokenez intensidade handiagoko baliabideetan lan eginez. Gizarte eta lan orientabideko zein genero bardintasunean espezialistea da, prestakuntza eta sensibilizazino feministarako metodologian eta Hartu-emonen Terapian trebatutakoa eta sexu-indarkerian, pornografian eta prostituzinoan espezializautako hezitzailea).

- Lucía Nieto (Soziologoa. Ikasketa feministetako eta genero ikasketetako masterra. Sexualidadean eta Hartu-emonen Terapian trebatutakoa. EHUko ikertzailea emakumeen itxialdiei buruz eta sexu indarkerian, pornografian eta prostituzinoan espezialistea).

- Urko Pérez (Maskulinidadea deseregiten aditua, ikertzailea eta hezitzailea. Irakasletzan Graduatua EHUn 2017an eta Genero Ikasketetan Unibersidade Masterra UNEDen 2019an. Euskadiko hainbat eskola eta alkartetan hainbat hezkuntza proiektutan parte hartu dau irakasle eta nerabeakaz gizarte hezitzaile. Emargiren laguntzailea).

Kanpainea udan amaituko da

Kanpaina integrala izango da, datorren apirilaren 1ean hasiko dana Kurtzio Kultur Etxean (12:30-14:30), sarrera-tailer bateratu bategaz: Bertan, lotura enpatikoa eta kontzeptu teorikoak landuko dira, besteak beste, patriarkatua, indarkeria matxistea, indarkeria sexuala, bortxaketearen kulturea, maitasun erromantikoa, ziberindarkeriak... Maiatzean eta bagilean 6 tailer egingo dira (4 sexuaren arabera bereizita eta 2 batera). Tailer horreetan, emakumeen ahaldundutze-prozesuak landuko dira, sexu-indarkeriaren historia eta feminidadearen eta jatorria aztertuko dira, inponidutako maskulinidadea hausteko gakoak definiduko dira eta jarrera ez-matxisten adibideak ikusiko dira, besteak beste, hareen iruditerian eredu barri bat eregi ahal izateko.

Ondoren, kanpaina baterako jarduerea iragarri dabe M8, I23, A25 edo A10 data esnaguratsuei erreparauta. Ekintza hori ikasleek eurek sortuko dabe, aldez aurretik eskuratutako ezagutzetan oinarrituta: Antzezlan bat, horma-irudi bat, film labur bat, kartelen diseinu bat, sare sozialetako kanpaina bat, kontakizun lehiaketa bat edota argazki erakusketa bat izan daitekez. Jarduera hori Sopelako Udalaren jardueren egutegi ofizialean sartuko da, adierazotako
egunen testuingurun.

Laburbilduz, Uribe Kostako Mankomunidadeko Bardintasun Zerbitzuak nerabeei ahotsa emoteko eta gizarteari indarkeria matxistearen aurrean dauen sensibilidadea, indarra eta gaitzespena erakusteko kanpainea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu