Korrika ardatz, jardueraz beteta dator apirileko Darabilbo

Bizkaie! 2022-03-28 10:17   Kulturea

Orientazino-saioak eta berbaldi literarioa dira lehenengo hitzorduak.

Bilboko Udalak antolatzen dauen Darabilbo programeak prest dau apirileko egitaraua. Betiko lez, jarduera guztiak euskeraz eta doban izango dira, bilbotarrek aisialdiko aukera zabalaz gozau ahal izan deien. Apirilaren 6an Korrika pasauko da Bilbotik, eta programazinoan eragina izango dau.

Apirilaren 1ean bertan hasiko dira jarduerak. Batetik, orientazino-saioak egingo ditue, Santutxu eta Txurdinagako kaleak hobeto ezagutzeko. Txanda bi egongo dira (08:00etan eta 16:00etan). Bestetik, egun berean berbaldi literarioa emongo dau Edorta Jimenez idazleak Otxarkoagan (18:30). Nikole Atxikallendez egingo dau berba.

Tailerrak be atondu ditue. Lehena, apirilaren 5ean, elikadureari lotua egongo da. Hilaren 7an, Uribarrin, kakorratz-tailerra egingo dabe. Azkenik, 26an, gastronomia landuko dabe, Labore Martitzenak zikloaren barruan.

Era berean, Korrikan parte hartzeko deia egin dau Darabilbok. Hilaren 6an pasauko da Bilbotik, arratsaldean eta gauean. AEK-k zabadutako ordutegi ofizialaren arabera, 19:28an sartuko da Bilbon, Elorrieta aldetik. Auzorik auzo eta kalerik kale ibili eta gero, Zorrotzan izango dau Korrikak Bilboko azken geltokia (23:31).

Darabilboko jardueretan parte hartzeko, gitxienez 16 urte izan behar dira (familiako ekintzetan izan ezik), eta aurretiaz izena emon, webgunean bertan, darabilbo@gmail.com posta elektronikoan zein 607 530 132 telefonoan. Korrikarako ez da izena emon behar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu