XIII. Gaztezulo Bideo Lehiaketea martxan

Bizkaie! 2022-03-25 11:02   Kulturea

Maiatzaren 20ra arteko astia dago lanak bialtzeko.

Euskerazko sormena ikus-entzunezkoen bidez bultzatzeko, 13. aldiz atondu dau Gaztezulo aldizkariak bideo lehiaketea, hiru sari potolo eta guzti. Azkue Fundazinoaren eta Danobat enpresearen babesa dau ekimenak. Lanak apirilaren 4tik maiatzaren 20ra bitartean bialdu behar dira, internetez (Tori edo WeTransfer plataformen bidez; bestela zuzendaria@gaztezulo.eus helbidera).

Bideo guztiak Gaztezuloren webgunean eta sareetan erakutsiko ditue, eta ikus-entzuleek iruzkinak egin eta botoa emoteko modua izango dabe. Bagilean emongo dabe sarituen barri: onenari 1.200 euro; bigarrenari 300; eta Publikoaren Sariaren irabazleari, Gaztezuloren materiala eta beste produktu batzuk.

Lehiaketearen arauen arabera, minutu bat eta hiru bitarteko bideoak onartuko ditue. Gaia librea dan arren, film guztietan derrigorrez agertu beharko da momenturen baten Gaztezulo aldizkaria, papelezkoaren zein webgunearen irudiren bat. Ahots, musika zein elementu grafikoetan euskerea erabili beharko da.

Oinarriak hemen (PDF).

Epaimahaian, ikus-entzunezkoen arloko hiru aditu egongo dira: Olaia Urtiaga kazetaria, Ibai Zabala ikus-entzunezkoetako teknikaria eta Marga Berra grafistea. Lehenengo eta bigarren sariak nori emon ebatziko dabe, kalidade teknikoa, originaltasuna eta sormena kontuan hartuta.

Lehiaketea iragarteko kartelean, Gaztezuloko kideek omenaldi erako keinua egin nahi izan deutsee Alice Guy zinemagile frantziarrari, zazpigarren artearen aitzindarietako bat izan zalako, XIX. eta XX. mendeen arteko urteetan. Zinemagintza narratiboaren sortzailea izan zan arren, beste batzuen (Lumiere anaiak, George Melies...) gerizpean geratu da Guy, historia ofizialetik ia-ia ezabatua.

Fikzinozko kontakizun bat zinemara eroan eban lehenengo artistea izan zan Guy, eta, horregaitik, Gaztezulok gogoratu eta omendu egin nahi izan dau, kartelean lekua eginda. Emakume izateagaitik historia ofizialak baztertu dabenetako bat da, azken baten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu