Dantzertiren Arrakala 2022-k kaleko arteak izango ditu ardatz

Bizkaie! 2022-03-24 12:40   Kulturea

Ikuskizunak martiaren 25etik 27ra bitartean izango dira.

Dantzertiren Bilboko egoitzan (Ibarrekolanda plaza, 1), jardunaldiak kaleko arteei buruz ikasteko eta hausnarketak egiteko aukerea izango dira, baina ez hori bakarrik, baita kalean bertan biziteko eta gozetako be. Horretarako, Arrakalak zeregin horretan eskarmentu handiko konpainiak eta profesionalak hurreratuko ditu Dantzertira, ikasleen parte-hartzeari berebiziko garrantzia emonez.

Zapaturako, martiaren 26rako, kaleko antzerkian izena eta ospea lortu daben lau antzerki konpainia batuko ditue mahai-inguruan: Hika Teatroa, Deabru Beltzak, Markeliñe eta Hortzmuga. Talde horreetako kideek ikuspuntuak eta gogoetak konpartiduko ditue, honako gai honen inguruan: Euskal Herriko kaleko arteak: iragana, oraina eta etorkizuna.

Jantzak eta antzerkia kalean

Programeak tailerrak be jasoten ditu martiaren 25 eta 26rako: Horreetako bat, Natalia Monge Getxoko jantzariak emongo dauena, kaleko jantzaz arduratuko da. Dantzertik Monge jantzari ospetsua gonbidatu nahi izan dau Arrakala jardunaldietara, ikasleei eta interesa dauen edozeini kaleko jantzearen inguruan diruan metodologia eta ezagutzak erakusteko. Tailer horreetan, mueta honetako ikuskizunetan inportantziarik handiena dauen alderdietako bat jorratuko dau: ikusleen eta jantzarien arteko hurrekotasuna; gainera, arnasketearen kontzeptua be landuko dau Mongek, azken ikerketa koreografikoetan egin dauen legez.

Bigarren tailerrean kaleko antzerkia jorratuko da, mueta honetako emonaldietan esperientzia handieneko euskal konpainietako baten eskutik: Hortzmuga konpainiak kale-antzerkiaren aurrean dauen pasinoa eta kaleko ezaugarrietara egokitzeko dauen erraztasunaren eta trebetasunaren barri emongo deutse ikasleei.

Jardunaldiei amaierea emteko, tailerretan parte hartzen daben ikasleek egun bitan lan-saioetan egindako lanaren lagin bat eskainiko dabe, artista irakasleakaz batera. Jantza erakustaldia Ibarrekolanda plazan (Dantzerti aurrean) izango da, hilaren 26an, zapatuan, arratsaldeko 19:00retan.

Kale antzerkia Arenalean izango da, domeka eguerdiko 12:00etan.

Asteburu batez, arte eszenikoen sektorearen, eskolako ikasleen eta bertan parte hartu nahi daben herritarren topagune bihurtuko da Dantzerti, horixe baita Arrakalaren asmoa hasiera-hasieratik.

Arrakala 2022 jardunaldiaren egitarau osoa eta informazinoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu