Bilboko Udal Musika Bandeak kontzertua emongo dau Enkarnazinoaren eleizan

Bizkaie! 2022-03-24 09:36   Musikea

Iñaki Urkizuren gidaritzapean.

Euskalduna Jauregiko kontzertuen zikloa amaitu ondoren, Bilboko Udal Musika Bandea bihar, barikua, bueltauko da agertokietara, Enkarnazinoaren eleizara, hain zuzen be. Iñaki Urkizu zuzendari beasaindarrak gidatuko dau taldea, Gogoetarako musikea izenburuko ikuskizuna, 19:00retan hasiko da eta sartzea doban da.

Bandeak dozena erditik gora obra interpretauko ditu, besteak beste, Johann Sebastian Bachen Bist du bei mir, James Barnesen Yorkshire Ballad, Chang Su Kohen Lament, Tomás Aragüésen Suite Clásica, Tomás Bretónen En la Alhambra, Gabriel Fauréren Pavane, Pablo Sorozabalen Gernika, Urkizu beraren moldaketakaz eta Patrick Doylen Non nobis domine.

Bandaek apirilean kontzertuakaz jarraituko dau eta hurrengo hitzordua Arriaga Antzokian izango da, apirilaren 10ean, domekan, Bandako 45 musikari baino gehiagok, José Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren gidaritzapean, Laiene Alcalá sopranoaren eta Leioa Kantika Koralaren (Basilio Astulezek zuzendua) laguntzea izango dabe eta obra handiak joko ditue, besteak beste, Vincent Persichettiren Symphony Nr. 6 op. 69, Ruper Lekueren Lainoak eta Inurripilo korapilatua, Francisco Ibáñez Irribarriaren 'uegos de Otoño eta J. Vicent Egearen Como niños.

Era berean, apirilaren 28an, barikuna, Banda Bilboko J.C. de Arriaga Konserbatoriora bueltauko da, Kulturak hurbiltasunetik emanaldiarekin. Kontzertu honetan, Pascual-Vilaplanak Miguel Arbelaiz tronboi jotzailearen laguntzea izango dau. José Serranoren El Miserere de la Montaña, Norman Dello Joioren Scenes fromThe Louvre, Toshio Mashimaren Mont Fuji eta Andrés Álvarezen Eguzkilore lanaren estreinaldia izango dira, besteak beste.


Iñaki Urkizu: Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea

Herriko Udaleko Bandan hasi zan tronpetea joten, zortzi urtegaz, familiaren tradizinoari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara pasau eta han bakarlari ibili zan hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Konserbatorioan egin zituan tronpeta- ikasketak Juan Manuel Gómez de Edeta irakasleagaz. Irakasle lanak be egin ditu Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita Arrasate Musical-en be. Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askogaz alkarlanean be ibili da.

Bakarlari moduan egindako lana be aitagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistakaz, eskainitako organo eta tronpeta kontzertuetan.

Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzinoak egiteagaitik eta musika-banda askok jasoten ditue haren lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikearen bilduma bat atondu dau eta horreen lehen lau zenbakiak argitaratuta dagoz: Jaialdia, Dantzaldia, Kantaldia eta Betikoskorri; azken lan hori izenak, adierazoten dauenez, Oskorri folk-talde ezagunaren omenez egina.

Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria izan da 1998tik eta banda horretan tronpetista bakarlari-plazea be izan eban. Urkizuren batutapean CD bat grabau da, Bergarako Orfeoiagaz batera, José Franco, Luis Aramburu, José Ma González Bastida eta Juan Arzamendiren lanakaz. Bilboko Udaleko Musika Bandeagaz be zenbait CD grabau ditu, bata Bilboko Koral Alkarteagaz bere 125.urteurrenan Kantuz Hari den Herria izeneko musika-lana, abesbatza bi eta Bandearentzat berak idatzita eta bestea Zarzueleari eskainia, Masa Coral del Ensanche, Miren Urbieta (sopranoa), Vicenç Esteve (tenorra) eta Fernando Latorregaz (baritonoa).

Zuzendari gonbidatua izan da Euskal Herriko zenbait Bandatan, Barakaldoko Udalaren Bandea, Durangoko Tavira Musika Bandea edo Gasteizko Udalaren Bandea, besteak beste. SGAEko kidea eta 2017tik Bilboko Udaleko Musika Bandearen zuzendariordea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu