Bizirik dagozan euskal artisten arte garaikidea erosteko beste 200.000 euro bideratuko ditue aurten

Bizkaie! 2022-03-24 07:57   Kulturea

Maider López artistearen Arnasa bideo-instalazinoa aurkeztu dabe.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak Bilboko Arte Eder Museoan iragarri dauenez, sailak aurten be bizirik dagozan euskal artisten arte garaikidea erosteko diru partida bat bideratuko dau. Danetara, 200.000 euro izango dira. Aurreko bi urteetan baino 50.000 euro gehiago. 2020an eta 2021ean 150.000 euro bideratu ziran horretarako. Maider López artistaren Arnasa bideo-instalazinoaren aurkezpenean egin dau iragarpena Zupiria sailburuak.

Hirugarren aldia izango da Eusko Jaurlaritzeak dirulaguntzea emoten duena. 2020an COVID-ak artearen munduan eragindako kalteak arintzeko helburuari eutsiz emon zituen lehengoz baina berez, helburua hirukotxa da: batetik Covid-19ak gogor jotako sektore ezegonkorrean ekonomia arintzea, bestetik ondare historiko artistiko publikoa aberastea eta eguneratzea eta azkenik museoen eta euskal arte garaikidean espezializautako zentroen arteko ekintza bateratua eta koordinatua indartzea. Eusko Jaurlaritzeak diseinautako jarduera honen bidez, Artium Museoak, Bilboko Arte Eder Museoak eta Tabakalerak euskal arte garaikidearen funtsak aberastuko dituen erosketak koordinetan ditue. Lan horreen erosketea Artium Museoak gidatuko dau, Bilboko Arte Eder Museoagaz eta Tabakalera zentroagaz lankidetza estuan.

2020an, 24 artistaren 34 lan eta edizino grafikoko 8 ale erosi ziran eta tartean dago gaur Arte Eder Museoan aurkeztutako Maider López-en Arnasa bideo instalazinoa. Artelana Museoan bertan 2020ko bagilaren 4tik 2021eko urtarrilaren 1era gauetan egindako instalazinotik sortu zan. Maider Lópezen obra hau bagilaren 27ra bitartean egongo da ikusgai Bilboko Arte Eder Museoko 33. Aretoan.

Bestalde, 2021eko 150.000 euroko dirulaguntzeagaz 15 artistaren 49 lanakaz osotu zan konpartidutako bildumea; hautatutako piezen artean margolanak, erretratuak, eskulturak, collageak, bideoak, instalazinoak, marrazkiak eta obra grafikoak dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu