Euskaltzaindiak aurreko urtean hildako euskaltzainak omenduko ditu

Bizkaie! 2022-03-23 13:46   Kulturea

Euren bizitza eta ibilbide profesionala nabarmentzea da asmoa.

Euskaltzaindiak aurreko urtean hildako euskaltzainak omentzen ditu urtero-urtero. Ohitureari jarraituz, igaz hildakoei gorazarre berezia egingo deutse Akademiak barikuan, martiaren 25ean. Hona hemen omenduen izenak: Gorka Aulestia, Kaxildo Alkorta, Ramuntxo Camblong eta Allande Socarros.

Euskaltzaindiak Bilboko egoitzan egingo dau martiko Osoko Bilkurea (10:00etan) eta, ondoren, Ageriko Bilkurea (12:00etan). Ageriko Bilkuran 2021ean hildako lau euskaltzainen hilbarri-txostenak irakurriko dira: Gorka Aulestia ohorezko euskaltzainaren txostena Karlos Otegi euskaltzain urgazleak irakurriko dau; Kaxildo Alkorta euskaltzain urgazlearena Iñaki Sarriugarte irakasle eta Mendebalde Kultura Alkarteko kideak; Ramuntxo Camblong euskaltzain urgazleari buruz Gexan Alfarok idatzitako testua irakurriko dau Adolfo Arejitak; azkenik, Allande Socarros euskaltzain urgazleari buruz Jean-Louis Davantek idatzitako testua irakurriko dau Battittu Coyos euskaltzain osoak.

Berbak musikeagaz buztartuko dira barikuko ekitaldian eta, horretarako, Irati Garcia biolinisteak eta Elene Etxebarria txelisteak hiru pieza klasiko interpretauko ditue: J.S. Bach-en Re Mayorreko Suite-aren Aria, Vivaldiren bi txelorentzako kontzertua (2. mugimendua) eta J. Massenet-en Thais-en meditazinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu