BAFFEST 2022, Emakume Erretratugileen Lehiaketearen oinarriak plazaratu ditue

Bizkaie! 2022-03-23 12:45   Kulturea

Parte hartzeko bete ondoko formularioa.

FOTOPOP Produkzinoak etxeak atontzen eta Barakaldoko Udalak bultzatzen dauen BAFFEST Barakaldoko Emakume Erretratugileen Festibalak 7. Lehiaketea dakar.

Jaialdiaren barruan, lehiaketeak izango dau indar handiena aurten, emakume erretratugileen sorkuntza-lana sustatu eta ikusarazoteko helburuz. Edizino honetan, aurrez aurreko hartu-emonak eta estaduko erretratugintzearen arloan lan egiten daben artista eta eragileen arteko loturak landu nahi ditue, bide horretan, bitarteko gehiago inbertiduta eta ahalegin handiagoak eginda.

Parte hartzeko baldintzak:

Espainian bizi diren edadez nagusiko emakume erretratugileek parte hartu ahal izango dabe lehiaketan,
edozein erretratugintza-diziplina, gai edo teknika erabiliz, irudiak hartzean eta horreek erabiliz sorkuntzea lantzea ardatz.

Aurkezten diran lanak egiten dagozan lanak edo amaitutako lanak izan daitekez, beste lehiaketa batzuetan saririk jaso ez badabe.

Epaimahaia eta sariak:

Carmen Dalmau, Itziar Bastarrika eta Susana Marrek osotuko dabe epaimahaia, Nagore Legarretak koordintuta. Epaimahaiak 30 lan aukeratuko ditu eta erretratugileek Donostian, Valentzian eta Madrilen aurkeztuko ditue lanok.

Hautatutako 30 erretratugilek aurrez aurre aurkeztuko ditue lanak, horreetako bakotxari esleitzen jakozan urietan, geroago zehaztuko diran leku eta ordutegietan. Lanok aurkezteko joan-etorrien gastuak erretratugileek ordainduko ditue; edozelan be, justifikautako arrazoiakaitik erretratugileren batek aurkezpenera joaterik ez baleuko, atontzaileek beste bitarteko batzuk erabiliko ditue aurkezpena egin ahal izateko.

Epaimahaiak hiru (3) lan aukeratuko ditu ikustaldi bakotxean. Bederatzi (9) lan horreek urriaren 8an aurkeztuko dira, Barakaldon egingo dan BAFFEST Erretratu Eguna ekitaldian.

Epaimahaiak emakume erretratugile baten lana aukeratuko dau eta horixe izango da BAFFEST 2022ko Lehiaketearen irabazlea. Irabazleak 2023ko edizinoan parte hartu eta banakako erakusketea izango dau (jaialdiak produziduko dau). Era berean, 500 euroko zenbatekoa jasoko dau ordainsaritzat.

Epaimahaiak euskal emakume erretratugile onenari be saria emongo deutso –Barakaldo Saria, 300 eurokoa− eta haren lanek lekua izango dabe 2023ko jaialdian. Jaialdiko irabazlea euskal erretratugile bat bada, epaimahaiak bigarren lan bat sarituko dau, egilearen jatorria edozein dalarik.

Erretratugileek euren gan hartuko dabe hirugarrenek egindako erreklamazinoen erantzukizun osoa −jaubetza intelektualeko eskubideei eta irudi-eskubideei buruzko erreklamazinoen eta erreportajearen protagonista diran subjektuek egiten dituen erreklamazinoen erantzukizuna−; gauzak holan dirala, atontzaileek zein ha osotzen daben personek ez dabe ezelako erantzukizunik izango holako erreklamazinoen ondorioz.

Bederatzi finalistek 150 euroko laguntzea jasoko dabe Barakaldora joan eta urriaren 8an lana aurkeztu deien.

Parte hartzeko, formulario hau bete behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu