Loraldia Eskoleak datorren ikasturterako egitasmoak aurkeztu ditu

Bizkaie! 2022-03-23 09:07   Kulturea

Balio eta kulturearen transmisinoa eta euskerea sustatzea ditu helburu.

Loraldia Kultur Elkarteak bere Eskola proiektuaren 2022-23 ikasturterako eskaintzea aurkeztu dau. Loraldia Eskolearen zazpigarren edizinoa izango da irailean martxan jarriko dana eta ikasturte horretan garatzeko bost egitasmoen proposamenak aurkeztu ditue. Proiektu guztiak kurrikulum pedagogikoan txertatuta dagoz eta eskola bakotxean gauzatzerakoan, zentro horrek dituen behar zehatz eta ikuspuntu zein egoerara moldatzen dira.

2016-17 ikasturtean sortu zan eta orain arte 20 ikastetxetan egin eta 1250 ikasle baino gehiagok parte hartu dabe.

Egitasmoak Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailaren babesa dauka.

Loraldia Eskola proiektuaren helburua

Eskola proiektuak hezkuntza komunidadean euskal kulturearen transmisinoa eta balorean jartea dau helburu eta hori lortzeko hezkuntza agenteek euskal kultura garaikideagaz lotutako ekimenak proponidu deutse, ikasle, irakasle eta zentroei. Era guztietako egitasmoak jorratzeko aukerea eskaintzen dau Loraldia Eskoleak, Ume Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoko mailetara.

Loraldia Eskolak ondoko helburuak ditu: Euskal kultura garaikidea ezagutarazotea; kultureagazko atxikimendua lantzea; euskerearen erabilerea sustatzea; eta sormena suspertzea; horreekaz batera, baloreak lantzea dau helburu eta horretarako kultur diziplina eta adierazpen ugari ezagutzera emon gura dau, ezagutza horren bitartez kulturartekotasuna eta aniztasuna lantzeko.

Beraz, euskerea eta kulturea buztartzen dituan ekimena da, hezkuntza integralean sakontzen dauena eta metodologia zehatz eta barritzailea dakarrena. Holan, Loraldia Eskoleak ikastetxe bakotxean aukeratutako egitasmoa lantzeko laguntzea eskaintzen dau: hezitzaile batek kudeatu eta gidatuko dau; unidade didaktiko bat jarriko dau irakasleen esku eta egitasmo bakotxa zentroak edo taldeak dituan behar zehatzetara mugatu eta moldatuko da.

2022-23 ikasturterako Loraldia Eskolearen eskaintzea

- Ttipia proiektua

Ume Hezkuntzako 5 urteko umeei zuzendutako egitasmoa da, lau diziplinatan eragingo dauena: margoa, eskulturea, marrazketea eta erretratugintzea. Ezagutu eta sormenaren bidez esperimentetan dabe. Landutako emoitzakaz erakusketa bat sortzen da ikastetxearen herrian, umeen lehen kontaktua arteagaz sortutako emoitzearen testigantzea konpartiduteko.

- Lorekolore

Hartzaileak Lehen Hezkuntzako 1go zikloko ikasleak dira (LH1/LH2 eta LH3/LH4). Helburua gure kultur aniztasunaren emari oparoa ezagutarazotea da.

Umeentzako ikuskizunak, kantagintzea, musika tresnak eta jantzak ezagutuz. Sormen lanaren emoitzea mural baten aurkezpena izango da, musuikea eta jantzak ardatz izango dituana.

- Lore-jokoak

Zortzi hilabetez bideratzen dan egitasmo hau Lehen Hezkuntzako azken zikloko taldetara zuzenduta dago, iraila eta martia bitartean gauzatuko da eta azken helburua pastoral gaurkotu baten ikuskizun bat sortzea da.

- Kamara, sartu!

DBH-ko 3. edo 4 mailako eta Batxilergoko gazteei zuzentzen jake eta hiru hilebetez, euskal kultura garaikideaz dagozan ikus-entzunezkoen bitartez, euskal kultura garaikidearen inguruko ikuspegi eta iruditegi ahalik eta globalenak aurkeztuko jakez gazteei. Ondoren, sormenari ekin eta ikus-entzunezko bat sortuko dane, modu kooperatiboan.

- 7 kantu, 7 lur, 7 konexino

DBH-ko azken zikloko ikasleak dira 7 kantu, 7 lur, 7 konexino proiektuaren protagonistak, kantua eta euskal kantagintzearen transmisinoa eta dramatizazinoa landuz.

Izen-emotea zabalik

Ikastetxeek badabe aukerea 2022-23 ikasturtean proiektu horreetarako eskaerea bideratzeko. Egitasmo bakotxaren inguruko informazinoa jaso eta izena emoteko Loraldiaren webgunean sartu eta bertan dagoan inprimakia bete; maiatzaren 25era arteko epea dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu