Izaskun Igoak irabazi dau Donostia Kultura V. Poesia Lehiaketea

Bizkaie! 2022-03-23 07:58   Kulturea

Hotza bazkatzen poema bildumea saritu dau epaimahaiak.

Poesialdia egitarauaren barruan, idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura Poesia Lehiaketearen V. edizinoko sari banaketea egin da Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan. Aurten Izaskun Igoaren (Ziga, 1995) Hotza bazkatzen poema bildumea saritu dabe.

Aurten 10 idazlek bialdu ditue lanak, bederatzi emakumek eta gizonezko bakar batek.

Epaimahaikideen arabera, Hotza bazkatzen lanak kontzientzia eta izatea ditu ardatz. Gorputzeari uko egin barik, haragoko kezka eta gogoetetan sakontzeko gaitasuna erakusten dauela azpimarratu dabe, orekeari eutsiz eta hunkigarri izanez. Sen poetikoa eta egileak han-hemenka, omenaldi modura, erabilitako erreferentziak be nabarmendu ditue.

Kontuak kontu, 2020an Igoak aitamen berezia lortu eban Lurra zango zolaren gainean lanari esker, Iruñeko Udalak atondutako Egile Barrientzako XXX. Euskerazko Literatur Lehiaketan. 2019tik, Ttipi Ttapa aldizkarian dabil kolaboratzaile.

Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa da; horrezaz gan, Imanol Larrinagaren margolan bat erregalau jako eta Balea Zuria argitaletxeak saritutako idazlana argitaratuko dau. Azkenik, bagilean egingo dan Poesia eta Pentsamendua saioan Igoak bere poemak errezitau ahal izango ditu.

Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzadea emoteko bokazinoagaz sortu eben Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak Donostia Kultura Poesia Lehiaketea. 2018an, saria Esti Martinez Diaz de Ceriok irabazi eban Azalberritze bat-egaz. Bigarrena 2019an egin eben eta Gorka Salcesek eskuratu eban Iraganaren izterrak obreari esker; finalista izandako Elena Olaveren Zeldak poema-liburua kaleratu eben. 2020. urtean, barriz, Lizar Begoñak irabazi eban Aro beilegia poema liburuagaz Donostia Kultura III. Poesia Lehiaketareen saria. Azkenik, 2021eko irabazlea Maialen Berasategi Catalan izan zan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu