Aste Santuan, Bilbao Basque Fest, euskal kulturearen hitzordua
2022-03-22 12:27 KultureaApirilaren 13tik 17ra, 200 jarduera baino gehiago izango dira.
Bilbao Basque FEST jaialdiaren urteko hitzordua bueltauko da Aste Santuan eta sorpresa ugari iragarri ditue uribildu osoan egongo diran hogeita hamar bat agertokitan eta 300 artista baino gehiagogaz Udalak atonduta uria dinamizetako, turistak zein inguruko bisitariak erakarteko eta egun horreetan Bilbon geratuko diran bilbotarrei kalidade oneko proposamenak eskaintzeko.
Jaialdiaren bost egunetan, 200 jarduera baino gehiago egingo dira, gehienak doban eta edade guztietako ikusleentzat eta musikearen, gastronomiaren, kulturearen, herri-kirolen eta zinemearen alderdirik adierazgarrienak erakutsiko ditue, 300 artista baino gehiago eta estreinaldi zein barritasunak tarteko dirala. Gure milaka urteko hizkuntzeak, euskereak, be protagonismoa izango dau, berbarako, kartel handien erakusketa iraunkorra izango dalako.
Bilbao Basque FESTen betiko sei gai nagusiei eutsiko jake: Gourmet, Kulturea, Musikea, Market, Zinemea eta Sport, uribilduan jarduera ekonomikoa sortzeko jaialdi legez egonkortu dabelako. Urtero bezela, jatetxeek, tabernek, goxo-dendek eta saltoki espezializatuek jaialdian parte hartuko dabe. Aurten, ostalaritzako eta merkataritzako 284 establezimendu batuko dira.
Egitarauari jagokonez, I. Artzain txapelketea Bilbao, DJ’s Afrika Bibang, Mimoloco eta Lorea Argarate, Aitzina Folk, Basabi eta Arenaleko Txoko Gourmet nabarmentzen dira baina informazino gehiago eta egitaraua begitutea izango da onena hemen.
Era berean, Bilboko Udalak 20.000 informazino-liburuxka banatuko ditu jarduerei, ordutegiei eta herritarrentzako informazino erabilgarriari buruzko zehetasunakaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!