Ida Vitale poeta handia Bilbon dago

Bizkaie! 2022-03-22 08:28   Kulturea

BilbaoPoesiak nazinoarteko artisten indarra dakar.



Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak idazlea agurtu dau udaletxean, Bidebarrieta Liburutegiak atondutako topaketa literarioaren barruan; Bilboko alkateagaz batera izan da Juan José Lanz, UPV/EHUko Literatura irakaslea eta Literatura Garaikideko aditua.

Bilbok Poesiaren Munduko Eguna ospatzeko jarduera berezia atondu dau Ida Vitale Uruguaiko poeta handiaren bizitza eta obrak gainbegiratzeko.

Ida Vitale, 45eko belaunaldiko poeta uruguaitarra eta poesia esentzialistearen ordezkaria, mundu hispanoamerikarreko ahots poetikorik garrantzitsuenetakoa da. Abangoardia historiko amerikarraren tradizinoan txertatua, haren poesiak hizkuntzearen alkimia aztertzen dau. Hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Octavio Paz Saria (2009), Alfonso Reyes Saria (2014), Reina Sofia Saria (2015), Federico García Lorca Nazinoarteko Poesia Saria (2016), Max Jacob Saria (2017) eta Cervantes Saria (2018).

Ida Vitalek Bilbogaz dauen loturea Blas de Oterogaz izandako adiskidantza sakonak markau dau eta oraintsuago, Bernardo Atxagagaz dituan hartu-emonak. Vitalek nazinoarteko poesiako beste personaia handi batzuk be ezagutu ditu, berbarako Juan Ramón Jiménez, Mario Benedetti edo Juan Gelman. Igaz argitaratu eban “Tiempo sin claves” azken poema-liburua.

BilbaoPoesiaren azken egunak

Gaur, martiak 22, sarrera guztiak agortuak dituan hitzordu berezia izango da: Alberto San Juan, ibilbide luzeko aktore eta Animalario konpainiaren sortzailea, Bilbon izango da Te quiero, Benedetti, (La patria y el exilio) proposamena eskaintzeko. Uruguaiko idazlearen poemak eta prosak dira Latinoamerikako eta Espainiako literaturako beste ahots batzuei zuzendutako omenaldi honen ardatz. Eta horreen guztien bidez, miseria edo jazarpen politikoa gainditzeko ozeanoaren alde bietan, erbesteratu behar izan eben personak be omenduko ditue. Bidaia honetan Fernando Egozocue gitarrista eta konpositorea izango dau bidelagun.

BilbaoPoesiaren azken txanpea Loraldiagazko lankidetzearen eskutik helduko da eguaztenean, hilaren 23an, Belar Ostoak: Walt Whitman errezitaldiagaz, hain zuzen be: Amaia Lasa, Andoni Etxebeste, Antxon Sarasua, Dani Venegas, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola izango dira protagonista.

Eguenean, hilaren 24an, poesia-jaialdia gaur egungo poesiaren ahots gazteenakaz amaituko da: Paula Antía Rey, Oihana Arana, Rosa Berbel, Carlos Catena Cózar eta Mario Obrero, errealidadeagaz eta tradizinoagaz hain lotuta dagozan poetek euren bertsoak errezitauko ditue Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu