Tabakalera, Artium eta Jorge Oteiza museoek sortzaileei zuzendutako III. JAI aurkeztu dabe
2022-03-17 11:40 KultureaDeialdia martiaren 17tik apirilaren 14ra egongo da zabalik.
Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroak; Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium Museoak eta Jorge Oteiza Fundazino Museoak sorkuntzaeren munduan dabizen profesionalei zuzendutako Jardun Artistikoentzako Institutua-ren (JAI) hirugarren edizinoan parte hartzeko deialdia edegi dabe. Artistei zuzendutako ikasketa-programa honek bagilean hasiko dau ibilbidea.
Praktika artistikoa izango da beste behin programearen muina eta ikerketea, produkzinoa, pertzepzinoa eta lan kritikoa sustatuko ditu. Ibon Aranberri (artista), Asier Mendizabal (artista eta KKHko irakaslea, Stockholmeko Royal Institute of Art) eta Itziar Okariz (artistea) izango dira hirugarren edizino honetan be institutuaren tutoreak. Eurekaz batera, gaur egun deialdia sustatu daben erakundeen erakusketa-programetan eta programa publikoetan parte hartzen daben eragile profesionalek osotuko dabe irakasle-taldea: Rosalind Nashashibi, Georgia Sagri, Lea Porsager, David Bestué, Ainara Elgoibar, Alejandro Cesarco, Jon Mikel Euba, Mattin, Pierre Bal-Blanc, Isabel Herguera eta Txaro Arrazola.
Aurten, Altzuzako Jorge Oteiza Fundazino Museoak be bat egin dau egitasmoagaz. Fundazino Museoa artista handiaren bilduma personala jasoten dauen espazio monografikoa da; Nafarroako Altzuza herrian dago kokatuta, Iruñetik 9 kilometrora. JAI egitasmoari arlo barrietara edegiteko aukerea emon deutso alkarlan barri honek, ingurune urbanotik landa eremura zabaltzekoa, hain zuzen be. Testuinguru horrek bestelako eragin bat gehitzen deutso artearen esperientzia praktikoari eta, era berean, proiektu pedagogiko esperimental honen oinarriak lurraldean sendotu be egiten dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!