II. Txakomic, Bizkaiko txakolina eta euskal komikia batzen dituan ekimena
2022-03-17 07:57 KultureaApirilaren 2tik 10era.
Txakolinaren Museoa-Txakolingunea eta Mendibile Jauregia Txakomic ekimenaren eszenatoki izango dira aurten be; ekimenak txakolinaren tradizinoa eta euskal komikia buztartzen ditu, gure lurraldeko mahastizaintza-tradizinoaren eta kulturearen arteko loturea, hain zuzen be. Bigarren edizino hau apirileko lehenengo astegoien bietan izango da, proiektu honen gainerako blokeak osotuko dituan jarduera programa bategaz: “Historias con txakoli” liburuaren edizinoa eta Bizkaiko txakolinaren historia kontauko dauen komiki bersinoko beste liburu baten argitalpena.
Aurkezpenean izan dira Amaia Antxustegi, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputadua, Ion Gorka Elgezabal, Jata-Ondoko presidentea; Asier Madarieta, Bizkaikoako kudeatzailea (26 foru museoak kudeatzen dituan soziedade publikoa) eta Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendaria. Ekimena Txakolinaren Museoaren-Txakolingunearen, Mendibile Jauregia Alkartearen, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturearen Kontseilu Arautzailearen eta Jata-Ondo Uribeko Landa Garapenerako Alkartearen arteko lankidetzeari esker sortu da eta Bakioko Txakolinguneak hartu eban “Komikia” erakusketea hartzen dau oinarritzat. Holan, proiektua igaz sortu eben Bizkaiko txakolin-tradizinoaren eta euskal komikigintzearen arteko lotura-prozesuaren ondorioz, herritarrei buztartze barriak erakusteko asmoz, kasu honetan gure lurraldeko ardaorik bereizgarrienaren eta marrazkiaren artekoa.
Publiko guztiarentzako jarduerak Txakomicen bigarren edizino honetarako atondutako jarduera-programea apirilaren lehen astegoienean hasiko da Mendibile Jauregian (hilaren 2an eta 3an) eta bigarren astegoienean amaituko da (9an eta 10ean) Bakioko Txakolingunean. Umeentzako tailerrak, marrazkilarien eskutik komikia presente egongo dan gidatutako probetako saioak, musikearen eta marrazkiaren arteko fusinoa, film laburrak edo showcooking ilustratu bat, sukaldariek errezetak lantzen dituen bitartean, osogaiak erabiliz marrazkilari batek istorio harrigarriak sortuko ditu eta ume eta helduek txakolinaren eta euskal komikiaren arteko buztarketa horrezaz gozetako bestelako jarduerak. Jarduerotan izena emoteko webgune bat atondu dabe: uribe.eu/ms.
Argitalpen Jarduera horreekaz batera, Txakomicek proiektu hau martxan jarteagaz batera hasitako argitalpenen edizinoagaz jarraitzen dau. Lehenengoak, Historias con txakoli izenekoak, igazko eta aurtengo maiatzean, abuztuan, urrian eta abenduan argitaratutako bost komiki eta aurtengo apirilean eta bagilean argitaratuko diran beste hilebeteroko bi batuko ditu. Istorio horreek guztiek txakolina dabe protagonista eta banaka eta maila kronologikoan argitaratzen dira https://bizkaikoa.bizkaia.eus/ eta https://bizkaikotxakolina.eus/eu/ webguneetan. Gidoilari bakarra dabe, Mikel Begoña, baina ilustratzaileen marrazkiakaz horniduta dagoz eta horrek askotariko emoitza grafikoa erakutsiko dau. Zazpi kapituluen liburukia aurtengo abenduan argitaratuko da eta txakolinaren izakerea beste belaunaldi batzuei transmitiduten lagunduko dabe. Bigarren argitalpena Historia del txakoli liburua da eta aurtengo abenduan argitaratuko da. Argitalpen hau, komikiaren bidez, txakolinaren hasietarik gaur egunera arteko bilakaerea islatzen saiatuko da, modu dibertigarrian baina zehaztasun historikoagaz. Argitalpen hau Txakolinaren Museoa-Txakolingunearen parte izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!