BBK-K eta Azkuna Zentroak nazinoarteko literaturea sarituko dabe Gutun Zuria Jaialdian

Bizkaie! 2022-03-16 12:53   Kulturea

Miren Agur Meabe eta Theodor Kallifatides idazleek hartuko dabe saria.

Theodor Kallifatides [Florence Montmare] | Ikusi handiago | Argazki originala


Miren Agur Meabe

Aurten, barrikuntza garrantzitsua izango dau Jaialdiak, izan be, lehen aldiz emongo dabe BBK-Gutun Zuria Bilbao Saria. Urtero, euskal literaturako eta nazinoarteko literaturako oinarrizko eragileen sorkuntza-lana autortuko da, ibilbide, obra espezifiko edo kultura-proiektu garrantzitsu bat nabarmenduz.

BBK-Gutun Zuria Saria Miren Agur Meabe eta Theodor Kallifatides idazleek jasoko dabe aurten ohorezko makilea. Euskal makila tradizionala ikono da gurean eta horren bidez persona batenganako errespetua eta errekonozimendua erakusten dira. Sariak karta zuri bat eskainiko deutse sarituei, hurrengo edizinorako euren intereseko proiektu bat irudikatuko dauena.

BBK eta Azkuna Zentroaren arteko hartu-emaonak indartu egin dira, erakunde biak bat datozelako kulturearen, literaturearen, uriaren eta gizartearen eginkizun inklusiboa, parte-hartzailea eta kritikoa.

Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak adierazo daunez, pozik gagoz literaturarako erreferentziako topagunea dan eta Bizkaia kultura-sektoren talentua erakarteko gune legez dagoan jaialdiari laguntzeko beste pausu bat emoteaz; esparru hori gizarte-kohesinoko aktiboa izateaz gan, jarduera ekonomikoko eragilea be bada. Eta hori guztia ahaztu barik, holako hitzorduek daben garrantzia literaturea gizartera hurreratzeko.

Sari honen osogarri etorkizuneko edizinoetan, BBK-k, Liburu Ganbereagaz batera, akzesit bat emongo dau ospe handiko egile baten nazinoarteko lan bat euskeratzeko eta ikasleen artean zabaltzeko.

Kontuak kontu, Gorka Martínez BBK-ko Zuzendari Nagusiak eta Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak emongo ditue sariak, martiaren 29an, Gutun Zuria Bilbao Jaialdiaren barruan.

Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962)

Idazlea eta itzultzailea da, helduentzat nahiz ume eta gazteentzat idazten dauena, oraintsu Euskaltzain oso izentau dabena. Besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren edota Skolastique Mukasonga ruandarraren obrea ekarri ditu eskerara. Kritikearen saria jaso eban 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea, Susa, 2001 eta Bitsa eskuetan, Susa, 2011, poema-liburuakaitik; eta Euskadi saria hiru aldiz Itsaslabarreko etxea S.M. Aizkorri, 2000; Urtebete itsasargian, Elkar, 2006; eta Errepidea, Erein, 2011 gazte-nobelei esker. Kristalezko begi bat nobeleak, Susa, 2013; eta Hezurren erretura, Susa, 2019, ipuin-bildumak kritikearen eta irakurleen harrera beroa izan eben. 2020an Nola gorde errautsa kolkoan, Susa, 2020, poema-liburua argitaratu eban, Espainiako Poesia Sari Nazionala.

Biritan jaso dau Vitoria-Gasteiz Umer eta Gazte Itzulpen Saria. 

Theodor Kallifatides (Grecia, 1938)

Idazle suediar-greziarrak fikzinoa, saiakerea eta poesia lantzen ditu. Berrogei liburu baino gehiago argitaratu ditu eta hainbat hizkuntzatara itzulita dagoz. Egile handiak itzuli ditu suedieratik grekora, besteak beste, Ingmar Bergman eta August Strindberg, baita grekotik suedierara be, esaterako, Giannis Ritsos eta
Mikis Theodorakis. Gaur egun Suedian bizi da eta sari ugari jaso ditu Grezian eta Suedian egindako lanakaitik, besteak beste, Greziako Literatura Testimonialeko Sari Nazionala, Lo pasado no es un sueño lanagaitik, Galaxia Gutenberg, 2013). Bere azken argitalpenen artean, ondokoak nabarmentzen dira:
Otra vida por vivir (Galaxia Gutenberg, 2019. Extraordinario 2019 Cálamo Saria); El asedio de Troya (Galaxia Gutenberg, 2020); Madres e hijos (Galaxia Gutenberg, 2020); Lo pasado no es un sueño (Galaxia Gutenberg, 2021); eta Timandra (Galaxia Gutenberg, 2022).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu