Manuel Quintana Marteloren ‘Containers’ erakusketea garagarrilaren 3ra arte Bilbon

Bizkaie! 2022-03-16 09:55   Kulturea

Erakusketea Vigoko MARCOk produzidu dau.

Erakusketea Marco, Vigoko Arte Garaikideko Museoak produzidu dau eta Rekalde Aretoan ikusi daiteke; erakusketa hau sorkuntza artistiko garaikideagaz zerikusia daben proposamenak trukatzeko esparruan sartzen da eta, esangura horretan, Idoia Montón artista euskaldunaren Las siete ventanas erakusketea Galiziako museoan egongo da maiatzaren 13tik irailaren 4ra.

Lorea Bilbao Ibarrak, Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak, Manuel Quintana Marteloren Containers, Rekalde Aretoko aldi baterako erakusketa barria aurkeztu dau eta Marco, Vigoko Arte Garaikideko Museoko zuzendaria dan Miguel Fernandez-Cid, artistea bera, Manuel Quintana Martelo eta Juan Manuel Bonet, erakusketearen komisarioa egon dira.

Erakusketea Vigoko Marcok produzidu dau, arte garaikidearen garapenean eta bilakaeran erreferentea dan Galiziako museoetako bat eta margolanen eta marrazkien artean 90 lan inguru batzen ditu.

Aurkezpenean, Lorea Bilbao Ibarrak azaldu dauenez, Rekalde Aretoak erakundeen arteko lankidetzea dau helburu, bai eta sorkuntza artistiko garaikideagaz zerikusia daben proposamenak trukatzea be.

Erakusketeak lehen aldiz batzen dau Containers (2012-2022) seriea, ia inoiz batu ez dana; Manuel Quintana Martelo 2012tik ia eten barik dail lanean serie honetan. Erakusketan ia 90 obra dagoz eta formatu ezbardinetako koadroakaz batera, eskala handiko prestaketa-zirriborroak, marrazkiak eta akuarelak dagoz, artistearen lan egiteko modua eta hainbat euskarriren aurrean dauen erantzuna zehatz-mehatz ezagutzeko aukerea emoten dauen multzoa erakutsiz.

Rekalde Aretoko erakusketarako galiziar artisteak Ercilla kalea 15 obrea egin dau, Bilboko Ercilla kaleko 15. zenbakian, 2021eko urriaren 25ean, 12:20an, ataratako erretratua ardatz. Edukiontzi hori Rekalde Aretoko erakusleihoan dago ikusgai, jagokozan zirriborroakaz batera.

Erakusketan haren pieza enblematikoenetako bat be badago, Don Tello 19 izenekoa, 2014ko zemendiaren 8an, 13:50ean, Gernikako Don Tello kaleko 19. zenbakian ataratako erretratuan oinarritutakoa.

Azken urteotan Quintana Marteloren margolan batzuen oinarria, motiboa eta abiapuntua artisteak bisitetan dituan urietako edukiontziak dira. Obra guztiek dabe atentzioa emoten dauen estiloa: eskulturearen presentzia zehaztua, konposizino erakargarria eta inpaktu bisuala. Seriea edukiontzietan oinarrituta dago; edukiontzi horreek eskultura-irudi legez lantzen dira, baita uriko natura-hil legez be.

Manuel Quintana Martelo (Roxos, Santiago de Compostela, 1946)

Artisteak hirurogeita hamarreko hamarkadan ekin eutson ibilbide artistikoari, konpromiso sozial sendo batek markauta dagoana. Bartzelonako Sant Jordiko Arte Eder Goi Eskolan lizentziaduna, laster bere lanak uri-korronteen eta espresionisten prozesu-erregistroetarantz eboluzionau eban.

Laurogeiko hamarkadan Atlántica mobimentuan parte hartu eban eta laurogeita hamarreko hamarkadan New Yorkera joan zan biziten. Bertan bere obrea erantzun handiz erakutsi eban, baita Caracasen, Miamin eta Porton be. Santiago de Compostelako Xelmírez institutuko irakasle be izan zan, baita zuzendari be, baina irakaskuntzea itxi eta arreta handiagoz ekin eutson bere produzino artistikoari.

Asociación de Artistas Visuales de Galicia Alkarteko buru izan zan eta, ondoren, Galiziako Arte Eder Errege Akademiaren ardurea hartu eban. Haren lana Galiziako Auditoriumeko Atzera Begirako bateko (2007), A Coruñako Diputazinoko monografiko bateko (2010) eta A Coruñako Alfonso Kioskoan egindako bakarkako erakusketa bateko (2011) protagonista izan da. 2012an Arte Plastikoetako Premio da Cultura Galega Saria jaso eban.

2010etik eskultura-lanak egiten ditu eta formak mihisetik hirugarren dimensinora eroaten ditu. Artistearen irudia, mahaia eta lan-tresnak euskarrian txertatzen dira, obrearen zati lez. Marteloren Containers pintura-seriea, 2012an hasitakoa, 2021ean Marcok, Vigoko Arte Garaikideko Museoak, produzidutako erakusketarako abiapuntua da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu