Bilbaorteko egoitza nagusiko fatxada barria helburu

Bizkaie! 2022-03-14 12:07   Kulturea

Proposamen artistikoen lehiaketea martxan dago.

Proiektuak aurkezteko epea apirilaren 1era arte egongo da zabalik eta herritarrek be parte hartu ahal izango dabe aukeraketan, apirilaren 11tik 22ra, BilbaoArteko Zentroko instalazinoetan. Herritarren hautaketa horren ondoren, epaimahaiak -hainbat alorretako profesionalek osotuta- proiektu irabazlea aukeratuko dau.

Bilboko Udalak BilbaoArte Fundazinoaren egoitzearen fatxada nagusia barritzeko prozesuari ekin deutso. Fundazinoaren egoitzea Bilbo Zaharra auzoko Urazurrutia kaleko 32. zenbakian dago. Horretarako, artearen arloan Bizkaian dabizenen alkarlana nahi dau, eraikinaren fatxada nagusia oinarri piktorikoakaz erabarritzeko proposamen-lehiaketa baten deialdiaren bidez.

BilbaoArteko arduradunek jakinarazo dabenez, ia 25 urteko jarduerearen ondoren, zentroaren fatxada nagusiak saneamendu eta barrikuntza-lanak behar ditu.

BilbaoArteko fatxadearen diseinu barrirako objektibotasuna, bardintasuna eta diskriminazinorik eza bermatzen daben erispideei jarraituko jake, gehienez 10 hautagai aukeratuko dira eta proposamenak aurkezteko epea apirilaren 1ean (barikua) amaituko da.

Gainera, Udalak herritarren parte-hartzea izango dau auzoaren ezaugarrietara ondoen egokitutako proiektua aukeratzeko; holan, apirilaren 11tik 22ra, bilbotarrek gustukoen daben proposamenaren alde botoa emoteko aukerea izango dabe BilbaoArte Zentroaren instalazinoetan.

Herritarren hautaketa horren ondoren, epaimahai batek proiektu irabazlea aukeratuko dau, herritarren botazinoaren emoitzea kontuan hartuta. Epaimahaian izango dira hainbat arlotako profesionalek, Fundazinoaren patronatukoek, Surbisako ordezkari batek, Bilbao Arte Fundazioko ordezkari batek, Bilbo Zaharreko auzo alkarteko batek eta artista batek.

Azkenik, proiektua enpresa profesional espezializatu batek gauzatuko dau, betibe artista egileek ikuskatuta.

Informazino gehiago

  • Lehiaketearen oinarriak Bilbaoarteren webgunean dagoz.
  • Informazino gehiago: 94 415 50 97 telefonoen bidez edota mezu elektronikoa idatzi, bilbaoarte@bilbao.eus helbidera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu