BFA-k martiaren 10etik 17ra edegiko dau Udalekuak 2022 programan izena emoteko epea
2022-03-14 07:45 KultureaIzena emoteko epea martiaren 17an amaituko da Bizkaian eta zozketea apirilaren 28an egingo da, 10:00etan.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek Udalekuak 2022 programaren eskaintzea aurkeztu dabe eta bertan, hiru lurralde horreetan eta Nafarroan kokatutako 15 instalazino eskaintzen dira, Euskadiko ume eta gazteei zuzendutako olgeta eta hezkuntza-programen eskaintza zabala batzen dabenak. Bizkaiak 1.268 plaza eskaintzen ditu eta eskaerak online aurkeztu beharko dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoaren bidez, www.bizkaia.eus/udalekuak webgunean. Kanpaineari buruzko informazinoa emongo da, baita kanpainearen liburuxkan agertzen diran Bizkaiko Lurralde Historikoko foru, udal edo eskualdeetako bulegoetan izena emoteko aukerea be. Izena emoteko epea martiaren 17an amaituko da Bizkaian eta zozketea apirilaren 28an egingo da, 10:00etan.
Kanpaina honetan, 7 eta 13 urte bitarteko hiru lurraldeetako 3.973 umek hartuko dabe parte, garagarrilaren 1etik 29ra bitarteko 7 eguneko txandetan, 135 euroko prezioan (hobari barik). Bizkaiak, danetara, 1.268 plaza eskaintzen ditu.
Udalekuak 2022 programa aurkeztu dabe Lorea Bilbao Ibarra Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak, Ana del Val Sancho Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroleko diputau eta Gazteriaren Foru Erakundeko arduradunak eta Isaac Palencia Caballero Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako zuzendari nagusiak.
Lorea Bilbao Ibarrak adierazo dauenez, "Gazteen artean kulturea transmisino-bide diran jarduera-programa bat eskaintzen dogu, umeek gure sustraiez, gure kulturaz eta ondareaz gozetea eta horreek modu dibertigarrian ezagutzea bermatzeko programea da Udalekuak 2022. Aldi berean, Bizkaian, euskerearen erabilera informalagaz zuzenean lotutako jarduerak egingo dira; horri esker umeak hizkuntzara hurreratuko dira eta hobeto ezagutuko dabe olgeten bidez."
Bestalde, Ana del Val diputatuak honako hau azaldu dau: "programa hau oso garrantzitsua da hiru aldundientzat, izan be, helburu nagusia da umeei olgeta-guneak eskaintzea, beren autonomia pertsonala finkatzeko, askotariko jarduerakaz: ingurumen-jarduerak baserrietan, kirol-jarduerak esaterako piraguismoa, mendi-ibilaldiak edo bela, olgeta-jarduerak, txangoak edo tailerrak, hau da,umeentzako aukera handia."
Isaac Palencia Arabako Gazteriako zuzendariak ondokoa nabarmendu dau: "Pozik gagoz Euskadiko umeei holako programa bat eskaintzeaz, oso beharrezkoa baita adiskidetasuna eta autonomia bultzatzeko eta euskerea, bardintasuna edo ingurumenagazko errespetua lako gai garrantzitsuak lantzeko".
Udalekuak 2022 hiru lurraldeetan eta Nafarroan kokatutako 15 instalazinotan garatuko da. Bizkaiak zazpi eguneko egonaldiak eskainiko ditu Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga) eta Legasako (Bertiz - Arana) aterpetxeetan. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduerak eskainiko ditu Orio, Zarautz, Hondarribia, Arantza, Bertiz eta Igantziko instalazinoetan eta Arabako Foru Aldundiak hiru instalazino jarriko ditu Udalekuak 2022ren esku: Barria, Zuhatza eta Espejo. Instalazino horreetan guztietan hiru lurraldeetan erroldautako umeek parte hartu ahal izango dabe, aldundien artean plazak trukatzeko aukereari esker eta parte-hartzaile bakotxa erroldauta dagoan lurraldean emongo dau izena.
Hobariak edo abantailak
Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edota Biziteko Gitxieneko Diru-sarrerak jasoten daben familia-unidadeei % 85eko hobaria emon eta 20,25 euroko partaidetza-kuotea pagauko jake.
Era berean, familia ugarietako kideak be hartzen dira kontuan, izan be, egonaldia kuotearen % 30 hobarituta ikusten dabenak, 94,50 € ordainduko dabe.
Ezintasuna eta/edo menpekotasuna
Bizkaiko Foru Aldundiak egiten dauen plaza-eskaintza osoaren % 5 ezintasuna eta/edo menpekotasun autortua daben personentzat da.
Aurten, 2022an, ezintasuna eta/edo menpekotasuna daben 63 ume joan ahal izango dira euren egoera personalera hobeto egokitzen diran instalazinoetara eta txandetara.
Kolektibo hori behar bezela integretako, instalazinoetako monitore-ekipoek laguntzako begirale espezifikoak izango ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!