dFERIA gaur hasiko da Donostian
2022-03-14 09:02 KultureadFERIA ezinbesteko hitzordua da arte eszenikoen sektorean.
Egile eta eragileei zuzendutako jarduera paralelo ugari be eskaintzen dituan jaialdi profesionala da. 2022koa oso edizino berezia dogu, izan be, 2020ko martiko konfinamenduaren aurretik Estadu mailan egiten dan azkena izan ondoren, ateak edegiten lehenengoetakoa izango da normaltasun barriaren sasoi honetan.
Donostiako Arte Eszenikoen XXVIII. Ferian emoten diran antzezlanen zatirik handiena martiaren 14tik 17ra izango da; danetara, 40 antzezlan izango ditu, 26 taldeetako 26 ikuskizun.
dFERIAk orekearen kontzeptuan sakonduko dau aurten eta ardatz horrek egituratzen dau, neurri handi batean eta bere antolatzaileek esandakoaren arabera, 2022ko edizinoaren programazinoa. Proposamenen aukeraketeari jagokonez, ikuskizun dexente (% 54) dFERIAn estreinauko dira: bost mundu mailan eta zortzi Euskadin. Diziplinen arabera, programearen % 42 jantzeari egokituko jako, % 54 antzerkiari eta gainerako % 4 beste diziplina batzuei.
Joan dan urtarrilaren 25ean Victoria Eugenia Antzokian egindako aurkezpenean, Norka Chiapussok, zuzendariak ondokoa nabarmendu eban: Edizino honetan erresistentzia kulturalaren espirituari eustearen alde egiten dogu, sare publikoa arazoen aurretik jarri eta sektorearen alde egin behar dan momentuan, ahalik eta eragile gehiagoren babesari esker.
dFERIA uriko hainbat gune eszenikotan gauzatuko da, Donostia Kultura udal erakundeak atonduta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen eta INAEM lako erakundeen babesari esker. Bide batez, hainbat kultur eragileren artean, SGAE Fundazinoaren eta SGAE Euskadiko Lurralde Batzordearen kolaborazinoa egonn da. Sarrerak hemen dagoz eskuragarri.
Aurtengo edizinorako 352 taldek emon dabe izena, gehienak, Espainiakoak baina baita bestelako herrialdetakoak be, esaterako, Mexikon, Argentinan, Txipren, Alemanian edo Kolonbiakoak.
Seigarren urtez jarraian, SGAE Fundazinoak bere espazio propioa izango dau Antzoki Zaharrean kokatua (Teatro Principal, Kale Nagusia, 3). Bertan programautako 26 ikuskizunetatik lau ikusi ahal izango dira. Lau lan horreek martiaren 14, 15, 16 eta 17an arratsaldeko 18:30ean taularatuko dira eta guztiak SGAEren (Autore eta Argitaratzaileen Alkarte Nagusia) errepertorioko parte dira, iragarritako gainerako obra gehienak bezela.
Che eta Moche (Aragoi), In Extremis eta Tanttaka (Nafarroa eta Gipuzkoa), La Dramática Errante (Bizkaia) eta L 'Om Imprebís (Valentzia) dira alde zaharreko Principal Antzokiaren tauletan ibiliko diran konpainiak. Beren obren egileak, bestalde, honakoak ditugu: Ernest Hemingway (Joaquín Murillo, Marian Pueo eta Alfonso Plouren antzezkizunagaz) El viejo y el Mar lanean; Fernando Bernués El rey tuerton; María Goiricelaya, Altsasun; eta Carol Rocamora Tu mano en la mía lanean, hurranez hurran. Aurtengo edizioaren programazio osoa hemen ikus zeinkie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!