Aukeran Jantza Konpainiak 'Migratzaileak' estreinauko dau Bilbon
2022-03-14 08:24 KultureaJantza taldeak 25. urteurrena ospatuko dau.
Loraldia Festibalaren zortzigarren edizinoa estreinaldiz beteta dago eta Aukeran Jantza konpainiak bere estreinaldi propioa ekarri dau, Migratzaileak jantza ikuskizuna: Mobidutea, gorputz bat lekuz aldatzea da. Lekuz aldatzean gorputzaren barruko guztia mobiduten da haregaz: amesak, bildurrak, minak eta itxaropenak. Martiaren 25ean izango da estreinaldia, Arriaga Antzokian.
Aukeran Jantza Konpainiak bere 25. urteurrena ospatzeko, ikusleak hausnartu deien gura dau, ez daitela norbera izan hormarik altuena. Edegitasuna adierazo nahi da jantzearen eta jarrera eszenikoaren bitartez. Historiari begiratu, gure mina besteena be badala gogoratzeko. Mina ukatu barik, topo egiteak ospatzeko prest egotea da publikoari proponiduten jakona. Zer da migratzaile izatea ez bada, mobidutea: gorputz bat lekuz aldatzeko prest egotea, eta leku barri horretan norbera dan gorputza barriro deskubridutea.
Edu Muruamendiarazek Aukeran Jantza Konpainia sortu eban orain dala 25 urte eta bertatik jantzariez gan, koreografoak, musikariak, idazleak, eskena zuzendariak eta bestelakoak pasau dira. Mobimentu asko bizi izan ditu taldeak eta horri esker proiektu ugari jorratu ditu. Gaur egun jantzari barri eta gazteak dira taldean oinarri, ilusinoa, errespetua, ahalegina eta alkartasuna ardatz. Urteetan zehar hainbat ikuskizun aurkeztu ditue eta bere aurreko obra, Biz Hitza, Loraldian aurkeztu eben.
1997an Aukeran izeneko ikuskizuna sortu eban taldeak, aurkezpen legez. Horren ondoren beste 13 etorri dira, besteak beste: Izena duen guztia omen da (2003); 10. urteurrena (2007), Gernika, mihise gaineko dantza (2009); Geltokia (2014); Maurizia (2016); edota Biz Hitza (2019), Loraldia festibalean estreinautakoa.
Horrezaz gan hamaika kolaborazino egin izan ditue Kepa Junkera, Carlos Saura, Arriaga Atzokia, Alos Quartet, edota Crystal Fightersegaz, esaterako. Nazinoarteko azoka eta jaialdietan be parte hartu izan dabe.
Fitxa artistikoa eta teknikoa
- Zuzendaritzea: Edu Muruamendiaraz.
- Gidoia eta Dramaturgia: Oier Guillan.
- Musika konposagilea: Xabi Aburruzaga.
- Koreografia berezia “Aukeran 2.5”: Iker Karrera.
- Koreografia garaikideak: Ane Anza, Maier Muruamendiaraz.
Argiztapen-diseinua eta zuzendaritza teknikoa: Carlos Solano.
- Jantziak: Oscar Armendariz.
- Dantzariak: Ane Anza; Ane Etxeberria; Unai Iraola; Maier Muruamendiaraz; Nahikari Sanchez; Uxue Sanchez; Danel Serrano; eta Claudia Talavera.
- Off-eko ahotsak: Intza Alkain, Yoro Ndiaye.
- Produkzinoa: Eli Alberdi.
- Produzkino ñaguntzailea: Jaione Jauregi.
- Ilustratzailea: Carlos Latorre León.
- Banaketea: Bapo Bapo Produkzinoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!