Urtero 11,5 miloe euro bideratuko dira euskerazko hedabide pribatuak finantzietako
2022-03-11 13:26 KultureaEusko Jaurlaritzeak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek euskerazko hedabideen jarduerea diruz laguntzeko hitzarmena beste hiru urterako barritu dabe.
Bigarren aldia da hitzarmen hau sinatzen dala, izan be, lehenengoa 2019an izan zan. Euskeraz dabizen hedabideen finantziazino markoa adostea helburu dauen akordioak lankidetzea dau oinarri eta euskeraz dabizen hedabideak diruz laguntzeko erispideak bateratuz eta hedabide horreek kudeatzen dituen enpresa egiturak indartuz eta emondako dirulaguntzen estaldura mailea orekatuz.
Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan, egindako ekitaldian euskal erakundeetako eta euskerazko hedabide pribatuetako ordezkariak izan dira: Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzearen bozeroaile Bingen Zupiria, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera Zuzendari nagusi Xabier Arauzo, Arabako Foru Aldundiko Euskera zuzendari Lexuri Ugarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasunerako zuzendari Garbiñe Mendizabal, Hekimen-eko zuzendari Igor Astibia, Argiako buru Bego Zuza, Berria Taldeko buru Beatriz Zabalondo eta Tokikom-eko zuzendari Alaitz Artolazabal.
2019. urtean sinatu eben lehenengoz Eusko Jaurlaritzeak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek euskera hutseko hedabideak finantzietako oinarriak zehazten dituan hitzarmena. Jatorria 2017. urtearen hasieran dago, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hekimen alkarteak hedabide horreen etorkizunaren inguruko gogoeta bat martxan jarri ebenean. Eusko Jaurlaritzea batu zan ondoren hausnarketara eta Araba eta Bizkaiko foru aldundiek be bat egin eben gogoeta horregaz. Beste hiru urterako berresten dan hitzarmenak helburu bikotxa dau: Batetik euskerearen sustapenean hedabideek daben garrantzia autortzea eta, bestetik, sektorea egonkortzeko eta sendotzeko eredu barri bat bilatzea.
2019. urtean sinatutako hitzarmenak zehazten ebanez, oraingo honetan be erakunde bakotxak hedabide zehatz batzuk laguntzeko ardurea hartuko dau. Eusko Jaurlaritzeak bideratuko ditu EAE osoan zabaltzen diran informazino orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak, lekuan lekuko telebistak, lekuan lekuko irratiak eta hedabide digital hutsen dirulaguntzak. Hiru foru aldundiek, barriz, bakotxaren lurraldean euskera hutsean argitaratzen diran herri edo eskualde mailako papelezko hedabideak laguntzen ditue. Danetara, urtero 11,5 miloe euro izango dira, aurreko hitzarmenean, 2019an, adostutakoa baino % 4,4 gehiago. Hitzarmenaren funtzionamendu egokia jagoteaz Jarraipen Batzorde bat arduratzen da.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak azaldu dauenez, Eusko Jaurlaritzearen legealdi honetako Gobernu Programeak euskerea ezagutzea eta erabilera indartzeko konpromisoa hartzen dau eta joan dan astean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu genduan Euskerearen Agenda Estrategikoak be bere egiten dau konpromiso hori. Beraz, Eusko Jaurlaritzeak euskerearen erabilerea eta normalizazinoa sustatzeko bidean behar beharrezko ikusten dau euskerazko hedabideen eginkizuna, bai publikoena, baita pribatuena be. Euskerearen kalidadeko erabilerearen ikuspegitik be ekarpen azpimarragarria egiten dabe. Gure hizkuntzeak euskerazko hedabideak behar ditu.
Zupiriak gaineratu dauenez, euskerazko hedabideei egiten deutsegun autortzaz gan hitzarmen honek sektorea egonkortzeko helburua be badau. Euskera hutseko hedabideen finantziazino markoa adosteko helburua dauen akordioak lankidetzea dau oinarri eta euskera hutseko hedabideak diruz laguntzeko erispideak bateratzen ditu, hedabide horreek kudeatutako enpresa egiturak indartuz eta emondako dirulaguntzen estaldura mailea orekatuz.
Hekimen-eko Igor Astibiak adierazo dauenez, hizkuntzearen normalizazinoa gura dauen edozein egitasmok berebiziko garrantzia dau euskerazko komunikabide sare zabal eta sendoa izateak, izan be, eskaintza horri esker, milaka lagunek euskeraz biziteko aukera gehiago dabe. Gainera, hedabide sare indartsu eta dinamikoa pluraltasunaren eta informazino eskubidearen bermea be bada, eskaintza aniztasuna baita eretxi aniztasunaren oinarrietako bat. Eta ez daigun ahaztu, eretxi aniztasuna da demokraziarako bermea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!