Bilbok omenaldia egin deutse emakume migratzaileei
2022-03-11 09:29 KultureaKanpotik etorritako emakumeak: % 52,5 dira eta 26.654 erroldatutakoak.
Bizkaiko uriburuko Udalak Aintzatespena Bilboko emakume migratzaileei ekimenaren hirugarren edizinoko sariak emon ditu. Immigrazinoaren Tokiko Kontseiluaren ekimena da eta emakume etorkinek bizitza sozial eta publikoan daben presentziaren garrantzia autortzea eta urianiztasunaren erreferentziazko eta aintzatespeneko espazioak emotea dau helburu.
Zazpi emakume saritu ditue BBK Kunan Bilboko Udaleko Immigrazinoaren Tokiko Kontseiluak bultzatutako Aintzatespena Bilboko Emakume Migratzaileei ekimenaren III. Edizinoan.
Ekitaldian buru Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia izan da eta emakume horreek uriaren bizitzeari egiten deutsen ekarpena balioetsi dau: Bilbon, biztanleria etorkina dogu, indar handikoa, ekintzarako gaitasun handikoa eta harrerea egin deutsen uriaren garapen sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalari ekarpenak egiteko gogo handia dauena. Eta biztanleria-talde horren barruan, oinarrizko lekua beteten daben emakume asko nabarmentzen dira, erreferentzia komunitarioko eragile, profesional, lider, pentsalari, politikari eta ekintzaile eta, aldi berean, euren familientzat eta beste gizarte-zirkulu batzuentzat ongizatearen eta garapenaren eragile.
Itziar Urtasunek Bilboko Udalak kulturartekotasuna zeharkako tokiko ekintzaren printzipio lez indartzeko dauen konpromisoa nabarmendu dau, oso harro gagoz eta eskerrak emon gura deutseegu Bilboko gizartera etorri diran bizilagun guztiei, emakumeen zeregina nabarmenduz.
Helburuak ondokoak dira: batetik, emakume etorkinek bizitza sozial eta publikoan daben presentziaren garrantzia autortzea eta, bestetik, Bizkaiko uriburuan aniztasunaren erreferentziazko eta aintzatespeneko espazioak posizionetea. Zinegotziak azaldu dauenez, oinarrizkoa da komunidadean erreferenteak izatea, norberaren burua begiratzeko ispiluak, hurrengo belaunaldiak inspiretan eta babesten dituen emakumeak, dagozanak eta etorriko diranak. Lan, superazino, ahalegin personal eta helburuen lorpeneko eredu horreek gidari izan daitekez bide horretan dagozan beste emakume batzuentzat.
Aurtengo deialdirako, Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetzako zinegotzi eta Immigrazinoaren Tokiko Kontseiluko (CLI) presidenteak; Milagros Acea Asociación Sierra Maestra – Comunidad Cubana residente en Euskadi alkarteko kide eta CLIko bigarren presidenteordeak; eta Norma Vázquez psikologo eta feministeak osotu dabe epaimahaia eta horren eretxiz, baldintzak beteteaz gan, hautatutako zazpi emakumeak jagokezan kategorietan egindako ekarpen bereziagaitik nabarmentzen dira:
- Emakume politikaria: Kehinde Akeju (Nigeria).
- Emakume artistea: Karina Perla (Peru).
- Giza eskubideen defentsan dabilen emakumea: Rosario del Carmen García (Kolonbia).
- Emakume gaztea: Manuela Correa Jaramillo (Kolonbia).
- Komunidadeko emakume eragilea: Victorine Damasse Atakiti (Kamerun) eta Marie Lucia Monsheneke (Kongoko Errepublika Demokratikoa).
- Emakume ekintzailea: Fatou Dieng (Senegal, Afrika).
Itziar Urtasunen eretxiz, saritutako emakume horreek ibilbide luzekoak dira, hainbat arlotan dabe esperientzia, lotura berezia dabe mobimentu sozial eta komunitarioakaz eta inplikazino personala aktibista lez Giza Eskubideen Defensan eta arrazakeriaren kontrako burrukan, ikuspegi feministatik.
Kontuak kontu, kanpotik etorritako emakumeak: % 52,5 dira eta 26.654 erroldatutakoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!