Azkuna Zentroak Cabello/Carceller-en 'Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa' aurkeztu dau

Bizkaie! 2022-03-11 08:06   Kulturea

Martiaren 10etik irailaren 25era egongo da ikusgai, doban.



Erakusketa honek kontakizun historikoaren eraikuntzea eta queer eta trans politika garikideak hartu-emonetan jarten ditu. Diziplinarteko lanaren bidez, Cabello/Carcellerrek instalazinoa, performancea, fikzinoko kontakizuna eta bideoa erabilten ditu ikusizko praktiketako irudikapen hegemonikoak dudan jarteko eta alternatiba kritikoak proponiduteko.

Paul B. Preciado filosofo eta arte-komisarioa da proiektuaren gidaria eta Azkuna Zentroko erakusketa-aretoan egongo da ikusgai.

Helena Cabello (Paris, 1963) eta Ana Carceller (Madril, 1964) artistek osotutako Cabello/Carceller kolektiboak Erausoren beste erretratu bat egin dau proiektu artistiko honetarako, trans personaia barrien galería batek hasunarketarako bidea eskaintzen dauena.

Erakusketa-proiektuak jardueren programa publikoa dakar, erakusketearen katalogoa eta bigarren hezkuntzako ikastetxeei zuzendutako bisita-tailerren hezkuntza-programea.

Artistek topau eben erretratu liluragarri eta ezohiko bat da proiektuaren ardatz: Juan van der Hamen-ek (ziurrena) Espainiako itsas armadako alferez lez jantzitako Katalina Erausori 1626an egin eutsona, gaur egun Kutxa bildumakoa dana. Erauso 1592an jaio zan Donostian, emakumezko sexua esleitu eta Katalina izena emon eutsen. Sarritan moja alferez izenez da ezagunagoa, neurri batean, haren autobiografiari esker, hor, gizon lez jantzita komentutik iges egin eban neska gazte baten abenturak kontau baitzituan, gero soldadu eta merkatari modura Espainiako inperioak Txiletik Mexikora kolonizautako lurretan ibili zanarenak (besteak beste, Francisco Loyola, Juan Arriola, Alonso Díaz Ramírez de Guzmán…eta Antonio Erauso izenak hartuta).

Erakusketearen komisario Paul B. Preciadok nabarmendu dauenez, gizon jantzitako Erausoren erretratua arte errenazentistearen historiako lehen erretratu trabestitzat hartu daiteke, nahiz eta nozino hori anakronikoa izan, XVIII. mendera arte ez baita existiduten.

Baina, argitzen dauenez, Erauso, bere erretratua bezela, itzalak dituan irudi bat da. Orio-pinturearen atzealde baltz-baltzean arpegi zorrotz bat agertzen da, baina begirada gozoa dauena eta, holan, ez dago aukerarik maskulinotzat edo femeninotzat joteko. Alabaina, maputxeen genozidioan inplikauta egon zanez eta merkatu kolonialean izan eban jarrerearen ondorioz, figura deserosoa da trans historian. Horregatik, argi-ilunarena da erakusketearen estetikea, Erausoren erretratuarena bezela.

Cabello/Carceller-ek Erausoren erretratu barri bat egin dabe proiektu artistiko honetarako eta trans personaia barrien galeria batek dei egiten deutse. Azkuna Zentroakproduzidutako ikus-entzunezko lan hau Doxa Produkzinoak-egaz filmau da, Alberto sin Patrón izan da jantzien diseinatzailea eta Mursego arduratu da musikaz.

Erakusketa erretratuen galeria analogiko-digital legez eregi dabe eta hor Erausok Cabello/Carceller-en aurreko lanaren beste irudikapen batzuekaz bat egiten dau, besteak beste, lan honeekaz: Autorretrato como fuente, 2001ekoa, Archivo: Drag Modelos (2007 – prozesuan), Movimientos para una manifestación en solitario (2021) eta Lost in Translation_un poema performativo (2016).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu