Ginea Bissaun be haziko da Gernikako Arbolearen kimu bat

Bizkaie! 2022-03-09 12:32   Kulturea

Gernikako Arbiolearen kimua hazten ikusiko dauen Afrikako bigarren herrialdea da.

Negua da Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak bost kontinenteetako erakundeek eta instituzinoek egiten dituen kimuen eskaerei erantzuten deutsen garaia, izan be, urte-sasoi horretan quercus robur geldialdi biologikoan dago eta orduan errotzen da ondoen lur arrotzean. Gernikako Arbolaren azkenengo ondorengoa Ginea Bissaura eroango dabe herrialde horrek Bilbon dauen konsuladuaren bidez. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak gaur emon deutso ale gaztea Luis Urrutikoetxea Zarate konsulari Gernikako Batzar Etxean.

Eskaerea Mama Saliu Sané Afrikako herrialdeko Irrati-difusino Nazionaleko Zuzendari Nagusiak egin dau. Zezeilean heldu zan Parlamentuko Mahaira eta harek, eskaerea aztertu ostean, eskaria onartzea erabagi eban. Horrek, Euskal Herriko sinbolo unibersalenetakoaren ale bat izaten bigarrena bihurtuko dau Afrikako mendebaldeko herrialde txikia, Kenyaren ostean. Saliu-k Ginea Bissauko Errepublikako Gobernuaren izenean egin eban eskaria.

Herrialde haretako komunikabide nagusietakoaren arduradunak alea landatzeko eta euskal kulturearen inguruko irratsaio barriak emitiduteko konpromisoa hartu dau. Azkenengo hilebeteetan, Espainiako Gerra Zibila eta Frankismoa kontetan ibili dira eta haren mezuan Gernikako bonbardaketea eta herri horrek eta bere Zinpe-Zugatx ezagunak euskal kulturearen erreferente moduan daben garrantzia nabarmentzen dira.

Historian zehar, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak Gernikako Arbolearen 450 kimu entregau ditu. Bizirik dirauen beteranoena Gernikako Batzar Etxetik oso hur dago, 1859koa da eta oraindino Nabor izenez ezagutzen dan etxeko lorategian hazten dago. Kanpoan, haretx zaharrena Argentinako Rosario de Santa Fén dago eta 1886koa da. Foru parlamentuak, oinordekorik gazteena, Ginea Bissaun Parlamentuan landatuko dana, Bakearen sinbolo moduan indarrez haztea eta gitxienez denpora berean haziak banatzen jarraitzea espero dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu